Isolamendua prebenitzeko programari helduko diote berriz
Irailetik abendura bitartean 75 urtetik gorako pertsonekin jarriko dira harremanetan programaren berri emateko.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi duenez, Isolamendua Prebenitzeko Programari ekingo diote berriz; ondorioz, hirian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei deitu eta gutunak bidaliko dizkiete isolamendua eta narriadura kognitiboa prebenitzeko programaren berri emanez.
Gizarte Ongizateko arloak hiru taldetan banatu ditu parte hartzaileak: Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak; joan den urtetik bakarrik bizi diren pertsonak, eta, azkenik, bakarrik bizitzeaz gain gizarte babesik ez duten eta Gizarte Ongizateak bere egoera partikularragatik arreta behar duela baloratzen duten pertsonak.
Programa bi fasetan egingo dute, eta, iraila eta abenduaren bitartean egingo dute lehena; tarte horretan berriro jarriko dira harremanetan baldintza horiek betetzen dituzten pertsonekin, eta programan parte hartzera gonbidatuko dituzte.
Lehen fase horretan posta bidez jakinaraziko zaie adinekoei programa dinamizatzen duen Amagoia Caballero psikologoa telefonoz jarriko dela eurekin harremanetan programaren berri eman eta elkarrizketa pertsonal bat proposatzeko. Baiezkoa ematen duten kasuan, hitzordu horiek norbere etxean edota Luis Mariano gizarte zentroan izango dira.
Elkarrizketa horietan pertsonaren interesekoak izan daitezkeen udal baliabideen berri emango zaie, eta, isolamendu eta bakardade adierazleak dituzten pertsonei aukera emango zaie astero auzoetan egiten diren estimulazio kognitiboko eta trebetasun sozialen sustapeneko tailerretan parte hartzeko.
Programa horretan parte hartzeko baldintza batzuk bete behar dira, baina parte hartu nahi dela jakinarazteko pertsonaren izen abizenak eta harremanetarako zenbakia adierazi behar dira. Hori egiteko 673 02 19 94 zenbakira deitu edota mezu elektroniko bat bidali behar zaio Caballerori.
Estimulazio kognitiboko eta trebetasun sozialen sustapeneko tailerrak
Noiz eta non?
- Palmera Montero gunea: astelehenetan, 10:00 – 11:30.
- Iraso Gizarte zentroa: asteazkenetan, 10:00 – 11:30.
- Lekaena apartamentuko gune soziala: asteazkenetan, 12:00 – 13:30.
- Artiako auzo elkartea: astearteetan, 10:00 – 11:30.
- Elitxuko auzo elkartea: astelehenetan, 16:00 – 17:30.

