Arte garaikidea izango da larunbat honetan Irungo protagonista
Ribera azoka egingo dute, zortzigarrenez. Diziplina artistikoen bidez memoria historikoa, muga eta Bidasoa ibaia landuko dituzte.
Zortzigarrenez, Ribera azoka egingo dute larunbatean (hilak 20) Irunen. Santiagoko bidegorriaren inguruan izango dira egun horretarako antolatutako ekitaldiak, eta, arte garaikidea gailenduko da jardueretan. Aurtengo egitaraua aurkeztu dute Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariak eta Ane Gomez artistak.
Azaldu dutenez, Ribera azokak “memoria historikoaz, muga kontzeptuaz eta Bidasoa ibaiaz hausnartzera gonbidatzen du, arte garaikidearen eta diziplina artistikoen bidez”.
Alzaga: “Arte garaikidearekiko urteroko hitzordua dugu Ribera azoka; lurraldean parekorik ez duen topaketa bat, askotariko diziplinen bidez bertako talentu artistikoaren balioa aldarrikatzen duena eta memoria, muga kontzeptua eta Bidasoa ibaia lotzen dituena”.
Egitaraua osatzen duten jarduera guztiak doakoak dira.
Egitaraua
Sustraiak murala
Santiagoko bidegorriko biaduktuko sarreran Sustraiak mural berri bat margotuko du Ane Gomezek; irudiaren ardatzak mendia, ibaia eta migrazioa izango dira.
Ribera bekak
Azken edizioa irabazi duten proiektuen emaitzen aurrerapen bat aurkeztuko dute. Honakoak izan dira bekadunak: Ageda Blasco Eguia eta Izaro Ieregi Gonzalezen Través eta Ruben Avila eta Maria Jose Noain Mauraren Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa.
Beka horien helburua Bidasoa ibaiaren, memoria historikoaren eta muga kontzeptuaren inguruko ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea da. Tandem formatuan lantzen dira proiektuak, eta ikerlanen emaitza artistikoa izaten da. –Través proiektua dokumentuen bidez azalduko dute; Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa, berriz, argazkien bidez–.
Paseo bat historian barrena
12:00etatik aurrera, Goroldiorik EZ paseoa egingo dute inguruko emakumeen hisstoria ezagutarazteko. Skate parkearen ondotik abiatuko dira.
Dantza garaikidea
13:00etatik aurrera, Lokke konpainiak Doppelgänger ikuskizuna egingo du ikusleak “doblea denaren eta denboraren eraldaketaz hausnartzera bultzatzeko”.

