Txaranga topaketa egingo dute urriaren 11n, lehenengoz
Txaranga Egunak izan duen arrakasta ikusita, txarangen topaketa antolatu dute lehenengoz Irunen udalak eta Peña Poteo txarangak, elkarlanean. Zazpi talde ariko dira egunean zehar hiria alaitzen.
Egoera dena delakoa dela ere, beti izaten da ongietorria txaranga bat. Egun goibelak alaitzen ditu, eta jendea pozarren inguratzen da musikarien ingurura. Festaren erdigune bilakatzen da txaranga oro. Bada, hori txaranga bakan bat dagoenenean. Baina, zer gertatzen da zazpi txarangak egun eta leku berean jotzen dutenean? Ondo asko dakite horren erantzuna irundarrek, baina inork hori bizi nahi badu, urriaren 11n Irunera bertaratu baino ez du egin behar, Txaranga Topaketa egingo baitute egun horretan herritar guztien gozamenerako.
Aste honetan eman dute jardueraren berri. Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkariak aurkeztu du topaketaren egitaraua. Udalak Peña Poteo txarangarekin elkarlanean antolatu du jaia, eta bertako zein kanpoko txarangekin hiriko kale guztiak girotzea da helburua.
Alzagaren arabera sanmartzialetako Txaranga Egunak arrakasta handia izan zuen: “Harrera on hori ikusita, jaialdia berriro egin nahi dugu. Nolanahi ere, apustu indartsuagoa egingo dugu, eta, bertako txarangak ez ezik, kanpokoak ere ekarriko ditugu, eta horrek, gainera, modu positiboan eta zuzenean eragingo du tokiko ostalaritzan”.
Hamar orduko egitaraua
Hamar ordu baino gehiagoko egitaraua antolatu dute egun seinalaturako; goizean hasi eta goizaldeko ordu txikiak artekoa. Eguna hasteaz bertako txarangak arduratuko dira, eta horretarako Peña Poteo, Gauerdi, Irungo Atsegiña eta Jostailu aukeratu dituzte. Arratsaldean, berriz, Gazte Txaranga iruindarra, Segoviako (Espainia) Charanga Jaleo, eta Madrilgo (Espainia) Fugitivos taldeen txanda izango da.
Peña Poteoren izenean Endika Etxaidek egin zituen hizlari lanak egunaren aurkezpenean. Arratsaldeko txarangak izan zituen hizpide. Iruñeko Gazte Txarangari dagokionean, nabarmendu zuen “Nafarroan txarangek maila oso altua” dutela, eta bertan nabarmen izatea ez dela gutxi azaldu zuen antolatzaileak.
Jaleo txaranga talde kañeroa dela eta “errepertorio oso eguneratua” dutela esan zuen. “Orain irratian edo Spotifyn entzuten diren abesti asko jotzen dituzte, eta oso ondo gainera”. Gauean, azkenik, Fugitivosen txanda izango da: “Errepertorio potente bat izateaz gain, gaueko ordu horietan espero dezakegun emanaldi bat egiten dute”.
Irun Zuzenean
Topaketarako egitarau oparoa antolatu dute, baina, zorte oneko dira, are egitarau oparoagoa geratu baitzaie Irun Zuzenean jaialdiarekin. Izan ere, hilaren 19an hasiko da jaialdia, eta urriaren 11n, Txaranga Topaketaren egunean, bukatuko da kontzertu sorta Aysha eta Beberen saioekin. San Juan plazan izango dira emanaldi horiek. 21:00etan dago iragarria bi abeslarien kontzertua.
Lehenengo topaketa izango da urriaren 11koa, baina, ez berriz, azkena. Argi du hori Etxaidek. “Ondo ateratzen bada, hurrengo urteetan antolatzen jarraitzeko asmoa dugu”.

