David Nuñok Irunek izango dituen erronkak zerrendatu ditu
Beste gauza batzuen artean, aparkalekuen arazoa, osasun egoera, merkataritza edota Udaltzaingoa izan ditu hizpide Elkarrekin Irungo bozeramaileak.
David Nuño Elkarrekin Irun taldeko bozeramaileak ikasturte berriarekin batera, hiriak aurrerantzean izango dituen erronkak zerrendatu ditu. Legealdia amaitzeko bi urte baino gutxiago geratzen direla eta, bozeramaieak azpimarratu du gobernuak ez duela erakutsi “aurrean ditugun erronkei aurre egiteko gaitasunik”. Are, gehitu du gobernu taldea “behartuta” egon dela EAJrekin goberrnu akordio bat sinatzera “ekimenak aurrera ateratzeko”.
Nuñok, bestalde, osasun egoera izan du hizpide, eta “bereziki larria” dela azpimarratu du gaur egungo egoera “iraultzeko soluziorik ez egotea”. Honakoak izan dira haren hitzak. “Maiatzaren 31n manifestazio historikoa bizi izan genuen Irunen, ia hamabi mila lagunen parte hartzearekin, baina ordutik ez dugu aurrerapenik ikusi. Badakigu osasun arloko eskumenak ez datozela udaletxetik, baina gobernu honen ardura da eskumen horiek dituztenei presio egitea, eta ez dute horrelakorik egiten”.
Horretaz gain, bozeramaileak obsesiotzat jo du Irun ekitaldien hiriburu bihurtzeko nahia; haren ustez auzotarrek “egunero jasaten dituzten arazoei” erantzun behar lieke. Horren adibide gisa zerrendatu ditu aparkalekua aurkitzeko arazoak, TAOren kudeaketa, Udaltzaingoaren “baliabide falta” edota “merkataritzak eskatzen duen bultzada”.
Gainera, Cristina Laborda Irungo alkateari zein udal gobernuari eskatu diete “Irunek nahi duen hiri eredua birpentsatzeko”, eta horretarako “auzo elkarteekin, merkatariekin eta erantzunak behar dituzten kolektiboekin” eseri behar dutela gehitu du.
Azkenik, Elkarrekin Irungoak azpimarratu du udalerriak “norabide egokian hazten jararitu behar duela, bizitzeko moduko hiri gisa”. Era berean, gobernuari eskatu dio herritarren benetako lehentasunetan zentratzea “udalerriaren errealitateari erantzuten ez dion ekitaldi hiri eraikitzean baino gehiago”.

