"Beste pilotariek eman didate pausoa emateko indarra"
Erik Mendizabal bikotearekin batera Hondarribiko Grand Slameko finalerdietan aritzeko sailkapena lortu du hondarribiarrak. Ostiral honetan izango da partida, Jostaldi pilotalekuan, 20:00etan.
Zesta puntako profesionaletan debutatu du aurten Oier Kanpandegi Kanpan-ek. Etxean izan da gainera, Hondarribiko Grand Slamean. Hasierako urduritasunak gainditzea eta bere burua konfiantzaz betetzea lortu du azken asteetan.
Zure debut urtea nolakoa izaten ari da?
Sekulakoa izaten ari da. Salto hau eman dudan lehen urtea da eta oraindik oso gaztea naiz, urte asko ditut aurretik.
Aurreko urtean jada Hondarribiko Grand Slamean parte hartzeko aukera luzatu zidaten, baina handi geratzen zitzaidala iruditu zitzaidan. Ez nuen nire burua maila horretan ikusten. Baina iaz denboraldi oso ona egin nuen. Senior Mailan Gipuzkoako txapeldun izan nintzen bikoteka, eta Euskadikorako lesionatu nintzen arren, indartsu eta konfiantzaz sentitzen nintzen.
Joan den urtetik hona aldaketa handia sumatu ditut. Entrenamendu asko egin ditut eta konfiantza irabazi dut. Profesionaletan sartzen ari naiz orain. Txapelketa hasi aurretik beldurra sartu zitzaidan, lehen partidan hanka sartuko nuelakoan. Azkenean, lehen lehia hura galdu arren, konfiantzarekin ikusi nuen nire burua eta bigarren partida aurrera ateratzea lortu genuen. Horrek asko laguntzen du profesional mailan integratzen.
Gainera, etxean debutatu zenuen. Nola bizi izan zenuen momentu hori?
Hasieran konfiantza falta izan nuen maila honetako txapelketa batean aritzeko, eta herriko jendearen eta familiaren aurrean aritzeak presioa sortu zidan. Joan den urteko mamuak itzuli zitzaizkidan. Maila emango ez ote nuenaren beldur nintzen, ez nuen gaizki jokatu nahi. Azkenean, hori ere bideratu egin behar da nolabait, eta, egia esan, ondo eraman nuen. Beldurrez jokatu beharrean indarrak eman zizkidaten.
Azkenean esperientziaren bidez ikasten da, ezta?
Hala da. Urte luzez aritu naiz goi mailako pilotariak ikusten, eta onenak beteranoak dira partidetan lasai jokatzen dutelako. Nahiz eta gazteak gogo asko izan eta asko jokatu, beteranoek lasaitasun puntu horrekin aldea markatzen dute.
Oraindik oso gaztea naiz, baina partida dezente jokatu ditut eta sumatzen dut pixkanaka konfiantza hartzen eta goraka noala.
Esan duzu iaz ez zinela maila emateko prest ikusten, zer aldatu da aurten?
Uste dut beste pilotariek eman didatela pausoa emateko indarra. Julenek [Basterrak], nire entrenatzaileak… Pilotari on askorekin jokatzeko aukera izan dut, eta nire burua maila horretan aritzeko gai ikusten ez banuen ere, haiek maila eta konfiantza hartzen ari nintzela transmititu didate. Beraiek eman didate behar nuen konfiantza.
Iaz Julen Basterrak debutatu zuen Hondarribiko Grand Slamean. Aholkurik eman al zizun?
Bai. Julenek lasai jolasteko esan zidan. Asko ezagutzen dugu elkar, hamar urte daramatzagu elkarrekin jokatzen. Oso pertsona alaia naiz ni, Julen serioagoa da. Ondo ezagutzen nau, eta badaki pozik nagoenean eta disfrutatzen dudanean jokatzen dudala hoberen. Beraz, pozik jokatzeko eta disfrutatzeko esan zidan. Serio hartzeko ere bai, baina presioa gainetik kentzeko. Pilota hartzea eta botatzea, ez konplikatzea.
Basterrak ezin izan du finalerdietara sailkatu, zuk ordea, bai. Ostiral honetan jokatuko dira finalerdiak. Nola iristen zarete hitzordura zure bikotea eta zu?
Ondo. Erikek [Mendizabal] eta biok ez dugu egunero hitz egiten, baina badugu harremana. Nahiko okupatua dabil. Aita da eta beste maila batean dago. Asko jokatzen du. Berriatuan aritzen da, baita Donostian eta Ipar Euskal Herrian ere, eta guztia aldi berean egitea zaila da. Horrek eragina izan du gure entrenamenduetan. Ahal izan dugunean geratu gara, baina nahiko zaila izan da. Entrenamenduak gako dira harremana eta konfiantza hartzeko. Dena den, urte luzez jarraitu dut Eriken ibilbidea eta konfiantza handia ematen dit. Telefonoz asko aritu gara hizketan.
Kantxara sartzerako orduan lasai sartuko gara. Badakit lana ondo egingo dugula eta ondo komunikatuko garela. Partida galdu edo irabazi, uste dut lan ona egingo dugula.
Orain arte bi partida jokatu dituzue. Lehena, uztailaren 25ekoa, galdu egin zenuten, baina bigarrena, abuztuaren 8koa, irabazi. Nola sentitu zarete partida horietan?
Partida batetik bestera diferentzia handia sumatu dut. 25ean oso urduri nengoen. Grand Slameko lehen partida zen eta frontoia nahiko hutsa zegoen arren, ikusleen %70 nire lagunak eta familia ziren. Beraz, denek ikusi ahal izan zuten zeinen urduri nengoen. Lehen set-ean akats errazak egin nituen, ondoren lasaitu egin nintzen. Banekien egindako akats horiek ez errepikatzeko gai nintzela, nire burua konbentzitu egin behar nuen soilik.
Bigarren set-erako, hortaz, nire buruarengan konfiantza indartu eta set-a ateratzea lortu genuen. Hirugarren set-a galdu genuen arren, partida garrantzitsua izan zen niretzat. Slameko bikote garrantzitsu bati set bat atera genion eta horrek indarra eman zidan hurrengorako.
Bigarren partidan lasaiago aritu nintzen eta bi set-ak irabazi genituen. Hasieratik gure lana egin genuen. Lehen partidako bigarren set-aren antzekoa izan zen. Konfiantzarekin eta hitz eginez. Nik soilik hartu eta bota, airea hartu eta ondo ateratzen bazen, Erikek bere magia egitea izan zen gure estrategia.
Zer izango litzateke zuretzat Hondarribiko Grand Slameko finalera iristea zure debut urtean?
Ez dut asko pentsatu nahi horretan. Ostiral honetako partida hil ala bizikoa da eta hori aurrera atera behar dugu aurrenik. Badakit aukerak ditugula. Lasai mantentzen saiatzen ari naiz eta ostiraleko partidan egin behar dudana pentsatzen.
Azken bi urteetan bi puntista hondarribiarrek debutatu duzue profesionaletan, herrian zesta punta bizi-bizirik dagoenaren seinale. Nola ikusten duzu zuk klubaren egoera?
Oso poztekoa da hori. Ni zestan sartu nintzenean hamar bat pilotari geunden guztira. Nire lehengusuak erakutsi zidan kirol hau duela hamaika urte. Bera izan zen klubean zesta puntan aritu zen lehena. Hasieratik asko harrapatu ninduen kirol honek.
Jende gutxi ikusten nuen hemen, eta kontziente nintzen lehiakortasun aldetik zaila izango zela maila handiko pilotariak ateratzea Hondarribitik. Azken batean, kirol batean maila lortzeko praktikatu egin behar delako. Pena sorrarazten zidan horrek. Oso kirol polita da eta ez zen batere ezaguna. Baina azken urteetan gorakada izan du. Herrian ezagutarazten lagundu dudala uste dut eta oso pozik nago. Telebistan ere indarra hartzen ari da eta egun gazte asko daude pilota eskolan. Benjaminen eta kimuen artean, adibidez, 40 bat dira, eta horrek indar asko ematen dit. Ikusten dudalako kirol honek zenbait urteren buruan indarra hartu dezakeela. Horiei erakustea gustatuko litzaidake, eta kirolaren sentimendua helaraztea. Gazte horiek jarraitzea espero dut, eta nik baino hobe jokatzea.
Horien eredu bihurtu zarete. Zer esango zenieke orain hasten ari diren gaztetxoei?
Pilotan jarraitzera animatuko nituzke, kirolera engantxatzera. Kasu asko ikusi ditut kirol honetan non gurasoek edo entrenatzaileek asko estutu dituzten, eta egia da oso kirol dibertigarria dela, baina egunero ordu asko sartzen badituzu, nekagarria gerta daiteke. Nik ere hori sentitu izan dut, eta, beraz, uste dut espazio pixka bat eman behar zaiela etxean edo klasean egoteko.
Guk txikitan ez genuen asko entrenatzen, eta astero astelehena eta asteazkena iritsiko zain egoten ginen. Frontoira indartsu eta jolasteko gogo askorekin iristen nintzen, eta espero dut gaur egungo gazteekin berdina gertatzea. Ez dezatela intentsitate eta entrenamendu asko sartu, gustura jolastu dezatela, lagunen artean, eta kirola lasai hartu dezatela. Izan ere, kirol hau oso polita da. Kirol gutxik sorrarazten dute zesta puntak sorrarazten duena.
Zer da gehien gustatzen zaizuna kirol honetatik?
Pilotaren abiadura sumatzea eta pilotarion artean dugun giro ona, entrenatzaileekin, lagunekin, partidu garaian, entrenamenduetan… Zenbaitetan ez oso serio hartzea gustatzen zait eta gehiago arriskatzea, dibertitzeko. Hori da gehien gustatzen zaidana: abiadura eta emozioa. Hamar urte daramazkit kirol honetan eta askotan hunkitu eta harritu egiten nau. Horrek ematen dit jarraitzeko indarra.

