Jaizubia Zaldiketa klubak jasoko du III. Argan kopako finala
200 parte hartzaile inguruk parte hartuko dute asteburuan duen "izaera lehiakorragatik" ezaguna den txapelketan.
Euskadiko Hipika Federazioak III. Argan kopako finala antolatu du Irungo Jaizubia Zaldiketa klubaren instalazioetan. Asteburu honetan izango da txapelketa, larunbat zein igandean.
Guztira 200 parte hartzaile inguru izango dira lehian, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako zein Nafarroako, Errioxako eta Kantabriako. Horien artean, Alvaro Gonzalez de Zarate, Kevin Gonzalez de Zarate, Xabier Zabaleta eta Peio Elorduy zaldizko profesionalak.
Igandean, finalak lehiatu ondoren banatuko dituzte sariak. Irabazleen artean 6.000 euroko sariak banatuko dituzte eskudirutan eta maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat opariak egongo direla aurreratu dute.
Jose Antonio Niño Irungo taldeko kirol zuzendariak adierazi duenez kopa honek “indar handia” du nazioarte mailan, eta probaren izaera “lehiakorrak” partaide asko erakartzen ditu.
Larunbatean goizeko 09:30ean hasiko da proba, eta igandean 09:00ean. 0,50 metroko jauziekin hasi eta 1,30 metrora arteko jauziak ikusi ahal izango dira.
Klubak jakitera eman duenez, parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dituzte Txingudi Ikastolan eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.

