Ikasturte berriarekin batera, bueltan dira 'Gurasoekin' eta 'Gazteekin'
Doako laguntza emateko programak dira. Saioetan mugak jartzen ikasteaz gain, euren arteko harreman afektiboak eta komunikazioa sendotuko dituzte.
Guraso zein nerabeei doako laguntza emateko asmoz sortu dituzte Gurasoekin eta Gazteekin programak. Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko arloak kudeatzen ditu doako bi programa horiek. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioetan “mugak jartzen lagunduko zaie, bai eta familiako kideen arteko harreman afektiboak zein komunikazioa sendotzen”. Pasa den ikasturtean 100 pertsona inguruk hartu zuten parte bi programetan.
Gurasoekin programaren kasuan, gurasoez osatutako talde txikiak osatzen dira, eta Palmera Montero gunean biltzen dira. Saio horiek bost psikologo edota psikoterapeutak osatzen dute, Andrea Aranguren, Ion Arruabarrena, Begoña Arruabarrena, Maider Andonegui eta Sandra Cobosek, hurrenez hurren.
Taldeak, alabaina, ez dituzte ausaz osatzen, haurren adin eta familien beharren arabera, baizik. 6 eta 18 urte arteko haurrak dituzten gurasoekin hiru talde osatzen dira, eta hamabostean behin biltzen dira; bakoitzak hamabi saio egiten ditu. Beste bi taldeak, berriz, astero biltzen dira, eta “laguntza handiagoa” behar duten gurasoek osatzen dituzte.
“Programa honek gurasotasun positiboa sustatzen du. Horretarako, familiako kideen arteko lotura afektiboak indartzen dira, eta seme alaben heziketa egokirako mugak ezartzen laguntzen da, indarkeriarik erabili gabe eta haurren eskubideak errespetatuta. Bertako eta nazioarteko erakundeek adostutako esparru teoriko batean oinarritzen da, baina, saioetan, familien baitan sortzen diren heziketa eta bizikidetza arazoak azaltzen dira, eta haiek konpontzeko gidalerroak eskaintzen”, diote antolatzaileek.
Zehatzagoak izate aldera, programan zenbait gai lantzen dituzte, hala nola, familiarteko komunikazio positiboa, gatazkak konpontzeko estrategiak, haurren adinerako egokiak diren arau eta muga iraunkorrak eta gurasoek muga horiek zaintzeko bideak.
Gazteekin, berriz, programa psikoedukatibo bat da; 12 eta 17 urte arteko gazteekin egiten dute lan eta “nerabeak bizitzarako gaitasunetan trebatzea da helburua”. Doako saioak dira, eta Palmera Montero gunean egiten dituzte ostegun arratsaldeetan.
Programa horren inspirazio iturria Osasunaren Mundu Erakundearen ekimen bat da, eta autoezagutza, enpatia, pertsonen arteko harremana eta emozio eta sentimenduen kudeaketa bezalakoak lantzen dituzte. Kasu honetan bi talde egiten dituzte, eta azarotik maiatzera egiten dituzte saioak. Gidari lanetan haurtzaroan eta nerabezaroan adituak diren hiru psikologo aritzen dira: Andrea Aranguren, Alba Aranguren eta Sara Cobos.
Taldeetako bat 12 eta 14 urteko nerabeek osatzen dute, eta hiru hilabetez egiten dute lan. Beste taldea, haatik, 15 eta 17 urte arteko gazteena izaten da, eta hausnarketan oinarritzen dira batez ere euren saioak. Horretarako adituek aurrez prestatuta eramaten dituzte zenbait gai, baina taldean identifikatzen dituzten beharretara egokitzen dira.
Gurasoekin zein Gazteekin programan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute hemen edo 010 zein 943 50 51 52 zenbakietara deituta. Izen ematea hilaren 15ean (astelehena) irekiko da, eta urriaren 15era arte egongo da zabalik.

