CBAren Kultura eta Sorkuntza Zentro berria inauguratu dute
2.400 metro koadro ditu, eta lau espazio berri sortu dituzte. Gune berriak inauguratzeko, hiru eguneko programazioa ondu dute.
CBAren Kultura eta Sorkuntza zentro berriaXimun Leturia Lete Irungo Udalak CBAren Kultura eta Sorkuntza Zentroa inauguratu du gaur eguerdian ekitaldi instituzional batekin. Cristina Laborda Irungo alkatea eta Goizane Alvarez Kulturako diputatuak hartu dute hitza agerraldian, baina ez dira bakarrak izan, performance batekin eman baitiete instalazioen inaugurazioari hasiera.
Zentro berriak 2.400 metro koadro ditu, eta erabilera anitzeko zentro bat da; zehazki, lau gela ditu: Irun Zuzenean, IrekiART, Kontenporanea eta CBA liburutegiaren ikasketa gela handitua.
Instalazio handiak handira estreinatuko dituzte irundarrek; izan ere, hiru egunetan zehar hamaika ekitaldiren kokaleku izango da zentroa.
CBA siglek Carlos Blanco Aginagari egiten diote erreferentzia. Irungo idazle ospetsu bat zen, eta irailaren 11 batean hil zen, duela 12 urte. Zentroa inauguratzeko hautatutako eguna, hortaz, ez dute ausaz aukeratu. Blancoren familiako kide batzuk agerraldian bertan izan dira. Are, Alda Blanco alabaren hitzak entzuteko aukera izan dute agerraldira bertaratu direnek, bideo bat bidali baitu ekitaldirako.
Goizane Alvarez, Kultura diputatua: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua oso harro dago CBA handitzen lagundu izanagatik, zentro berriak sortzeko, ikasteko eta kulturaz gozatzeko aukera gehiago emango baitizkie herritarrei. Gune berriak areto moderno eta moldakorrak ditu, eta, gainera, bertako talentuaren balioa nabarmentzen du, eta lurraldeko kultur ehuna sendotzen. Sinetsita gaude kultura pertsona guztiek erabili ahal izan behako luketen eskubide bat dela, eta elkarrekin lan egiten dugunean gizarte sortzaile, anitz eta inklusiboagoa eraiki dezakegun adierazgarri dira honelako zentroak”.
Labordaren hitzartzearen txanda izan da gero. “Gune berri honi esker, Irunek beste pauso bat eman du kultur munduan erreferentziazko hiria bilakatzeko helburua lortzeko bidean. Irungo espazioak elkarrekin harremanetan egoteaz gain, gelditu eta haietaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu”. Bestalde, gehitu du CBA liburutegiak hamar urte bete dituela, eta horrek bat egin duela eremuaren zabalkundearekin. “Irgana eta etorkizuna lotzen ditugu gure hiriaren bihotzean”, amaitu du.
Hiru egun eta hamaika proposamen
Datozen hiru egunetan askotariko ekintzak egongo dira zentroko areto ezberdinetan, hala nola, zuzeneko musika, zinema, arte eszenikoak eta arte erakusketak. Ildo horretatik, aipatu beharrekoa da gaur arratsaldeko zazpietan Jon Bismo artista bisual irundarraren Reencuentro erakusketa inauguratuko dutela. Horretaz gain, Irun Zuzenean aretoa estreinatuko dute 20:00etan Janus Lesterrekin. Geltoki izeneko programaren parte da azken hori, eta, zehaztu dutenez, programa hori “pertsonen, inspirazioaren eta sareen kontzeptuen inguruko da. Musikaren, arte eszenikoen eta beste diziplina artistiko batzuetako sektore profesionalei irekitako proposamenak ditu”. Areto horretan 360 pertsona sartzen dira zutik, eta 157 pertsona, berriz, agertoki klasikoko formatuan.
Bihar goizean, berriz, hiriko kultur eragile, elkarte eta kolektiboei bisita gidatuak egin dizkiete CBA zentro berriaren aretoak ezagutu ditzaten. Gero, gainera, musika oinarri izango duen familientzako tailer bat egingo dute bertan. Arratsaldean, berriz, Dantza Hirian izango da, bai eta El sentido de la Birra podcasta zuzenean ere.
HITZA gaur goizeko inaugurazio ekitaldian izan da, eta zenbait irudi bildu ditu.
Programazioa
Hilak 11, osteguna
- 19:00. Jonbismo – Reencuentro erakusketaren inaugurazioa.
- 20:00. Geltoki – Janus Lester.
Hilak 12, ostirala
- 12:00 – 14:00. Bisita gidatuak Irungo elkarte eta kolektiboentzat.
- 19:00. Dantza Hirian – San Juan plaza.
- 20:30. Podcasta. El sentido de la birra.
Hilak 13, larunbata
- 11:00. Antzerki tailerra familientzat. Patxi Perez eta Itziar Sistiaga.
- 12:00. Famillientzako musika. Taupa!
- 13:00. Show cooking Yon Gallardorekin. KEOAren aurkezpena.
- Murgiltze erakusketa. Silvia Sanchez Evolución desde la imperfección: arte, realidad virtual y neurociencia.
- Ribera bekak. Emaitzak – Relatos del nuevo hogar, Arkameyers (Arkaitz Saiz eta Rakel Meyers) bikotearena.
- Aurkezpena: Artoteka
- 17:00 – 20:00. Relatos del nuevo hogar tailerra.
- 19:00. IrekiART: Diego San Jose eta Mikel Pagadi.
- 22:00. Irun Zuzenean – Kontzertua eta DJ set-a. Irune Muguruza eta Iñigo Jimenez.

