Itzulera dispositiboaren balorazio "oso positiboa" egin dute
Udaltzaingoaren dispositiboa abuztuaren 14tik 30era egon da martxan, baina, bestelako neurri batzuk ere hartu zituzten egun horietan.
2025eko itzulera operazioaren balorazio egiteko, Udaltzaingoaren polizia etxean elkartu dira gaur Cristina Laborda Irungo alkatea eta Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkaria. Abuzturako antolatu zuten operazioa, eta udaleko ordezkariek dispositiboari buruzko “oso balorazio positiboa” egin dute.
Jakinarazi dutenez, 2022koa bezalako kolapsoa ekiditeko jarri zuten martxan, eta nabarmendu dute “eraginkorra dela Europa iparraldera bidean muga zeharkatzen duten ibilgailuen kopuru handiak ekarritako arazoak saihesteko”.
Operatiboa Ertzaintza, Hondarribiko Udaltzaingoa, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Saila, Bidegi eta beste erakunde batzuekin koordinatu zuten, eta haren helburua zen hirigunean pilaketarik ez sortzea eta hiriko pasabide nagusietan zirkulazio arina bermatzea. Hirugarrenez antolatu dute operazio hori.
Udaltzaingoaren dispositiboa abuztuaren 14tik 30era egon da martxan, baina, egun horietan bestelako neurri batzuk ere hartu zituzten ibilgailuen ebakuazioa azkartzeko, hala nola: 103 hesi, ibilgailuak bideratzeko 81 kartel eta 75 trafiko kono. Hots, argi berdearen iraupena luzatu zuten zebrabide batzuetan, beste batzuetako denborak laburtu zituzten, eta semafororik gabeko zebrabide batzuk itxi zituzten.
Gauzak horrela, nabarmendu dute auto pilaketa “ertainak” erregistratu dituztela hiru egunetan, eta AP-8tik Irunerako sarbideetan pilaketarik ez zela egon.

