Cristina Labordak Plaiaundiko kirol instalakuntzak Txenpereneara aldatzearen garrantzia nabarmendu du
Lekualdaketaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiari 1993ko hitzarmena berritzearen garrantzia gogorarazi die.
Urtarrileko osoko bilkuran Irungo Udalak aho batez onartu zituen IAM pabiloiaren mozioa eta Plaiaundiko atletismo pisten eta errubi zelaiaren Txenpereneara lekualdatzea, horrek “Irunen berritzearen beharra aurreikusten baitzuen”. Era berean, hiriko kirol instalakuntzak hobetzea ere onartu zuten.
Mozio hori bera aho batez onartu zuten martxoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta, udalak adierazi duenez, horrek suposatzen du sei hilabeteko epean Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Irungo Udalarekin lankidetzan aritzea IAM pabiloiaren proiektua gauzatzeko bai eta lehen bi administrazioek 1993an Irun eta Hondarribiko Udalekin sinatutako Lankidetza Hitzarmena berritzeko.
Cristina Laborda Irungo alkateak agerraldia egin du gaur komunikabideen aurrean, eta honakoa zehaztu du: “Guk dagoeneko bete dugu gure zatia udal gisa. Bi enkargu egin ditugu: batetik IAM pabiloiaren oinarrizko proiektuarena, eta orain, haren gidaplana idaztea. Gainera, maiatzeko kreditu aldaketan 40.000 euro gaitu genituen kirol ekipamenduen plan bat idazteko”.
Aipatutako instalazioak Txenpereneara lekualdatu bitartean, udalak onartu du 190.000 eurotik gorako prezio batekin Plaiaundiko atletismo pista berritzeko lanak kontratatzea. Zehaztu dutenez, Tokiko Gobernu Batzarrak atzo hartutako erabakia da, eta horren helburua 2023an 100 metro berritzko egindako lanei jarraipena ematea da.
Ildo horretatik, Labordak leku aldaketaren garrantzia azpimarratu du agerraldian. “Berritze lanak egin beharrak adierazten du pisten lekualdaketa funtsezko eta beharrezko proiektua dela hiriaren garapenerako. Egunero erabiltzen dituzten taldeek oso baldintza eskasetan erabiltzen dituzte, eta gure betebeharra da Txenpereneko eremu berrira lekualdatzea, gaur egun ingurune natural eta babestu batean baitaude eta badira eta urteak herritarrei zor diegula”.
Udalak martxoan eman zion onespena Txenpereneko hirigintzako jarduketa programari, baita urbanizazio aurreproiektu bati ere, eta horietarako 27,8 milioi eurotik gorako aurrekontua kalkulatu zuten.
Zehaztu dutenez, proiektu horri esker kirol instalazioak aurrez eraiki ahal izango dira, baita fase batzuk aldi berean gauzatu ere. Hots, une berean urbanizazio lanak eta etxebizitza publiko zein pribatuak egitea ere aurreikusi dute.
Txingudiko Plan Bereziaren Mahaiaren azken bileran Labordak 1993an sinatutako lankidetza hitzarmena berritzeko beharraren berri eman zien Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, hitzarmen horretan jasotzen da Plaiaundin dauden kirol instalazioak birkokatzea ahalbidetzen duen edozein eragiketa finantzatzeko akordioa. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jurlaritzak kostuaren %30 hartuko luke bere gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak %50 eta Irungo Udalak %20.
Aipatutakoaz gain, udalak jakinarazi du IAM pabiloia eraikitzeko kontratazioa onartu dutela. 66.550 euroan eta gehienez ere sei hilabetean eraikitzea aurreikusten dute.
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak Luis Mariano eta Iraso zentro sozialetako taberna zein jangelak ustiatzeko lizitazioa onartu du. Euren hitzetan, “kontratua malguagoa izango da, eta funtsezko hobekuntza eta abantailak ekarriko dizkie erabiltzaileei”. Esleipendunak 12:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegia bete beharko du gutxienez, eta kafea, oinarrizko menua eta eguneko platera prezio jakin batzuetan eskaini beharko ditu.

