Unai Amianok hilaren 19an debutatuko du Uranzu pilotalekuan
Irundarra Iztuetarekin ariko da Jaka eta Imazen aurka. Jaialdia 19:30ean hasiko da, eta sarrerak eros daitezke dagoeneko.
Borja Olazabal, Unai Amiano eta Unai Iglesias. Ximun Leturia Lete Unai Amiano 20 urteko pilotari irundarrak Uranzu frontoian debutatuko du hilaren 19an (ostirala da), 19:30ean. Egun horretan bi partida izango dira, eta Amianorena bigarrena izango da. Iztuetarekin osatuko du bikotea irundarrak, eta Jaka eta Imazen aurka ariko dira. Aurretik, ordea, Bakaikoa-Mogaetxeberria eta Senar-Lizeaga ariko dira.
Berako pillota taldean eman zituen lehen pausoak Amianok, Añorgan jarraitu zuen, eta azken urteetan Tolosa Aurrera Pilota Elkartean aritu da.
Ezker aurrelaria da, eta 2025ean Mallabiko (Bizkaia) Biharko Izarrak txapelketa, Espainiako txapelketa, Errege Kopa eta Lezamako txapelketa irabazi ditu.
Partidarako egun batzuk falta diren honetan, debutaren eta jaialdiaren xehetasunak eman dituzte gaur goizean Irungo Uranzu pilotalekuan.
Borja Olazabal Irungo Udaleko Kiroletako ordezkariak hartu du hitza lehenbizi, eta zehaztu du pilota jaialdia “bereziki hunkigarria” izango dela hiriarentzat. “Ez dugu aurkitu ea Irunen egon den lehenago esku pilotari profesionalik, baina azkenean badaukagu eta debuta egingo du Unaik, bere hirian . Bagenekien Unaik debutatzeko aukera hor zegoela eta, enpresei debuta hemen egiteko eskaera egin genien “, azaldu du Olazabalek.
Bestalde, Unai Iglesias Baiko Pilota enpresako gerenteak azaldu duenez, partidako sarrerak salgai daude online 25 eta 30 euro artean. Hala ere, egunean bertan, jaialdia baino ordubete lehenago salgai izango dira sarrerak frontoian bertan.
Azkenik, protagonistak, Amianok azpimarratu du berarentzat “izugarrizko aukera” dela debutatu ahal izatea, eta are gehiago Irunen jokatzea. “Txikitatik bilatu dudan zerbait izan da; zaila da, baina pausoak aurrera ematen zoazen heinean profesionalekin entrenatzen hasten zara, eta ikusten duzu maila ona ematen ari zarela, baina nahiz eta gauza horiek ondo joan jakitun gara debutatzeko pauso handiak eman behar direla. Lehiakortasun handia dago, baina debutatzeko aukera izango nuela esan zidatenean poz handia hartu nuen, noski. Niretzat izugarrizko aukera da; gainera kristoren partida jarri didate, lehen-lehen mailako pilotariekin, eta aukera aprobetxatzeko gogoak ditut”.

