Udal gobernuari "tentsio giroa" areagotuko duten neurriak hartzea leporatu dio EAJk
EAJ alderdiaren kezka nagusia irailaren 7rako hartutako neurriak dira. Jaizkibelgo ordezkariak aurreneko aldiz izango dira Salbearen lekuko.
2025eko Alarde Egunerako Igor Enparan alkateak sinatutako dekretuaren kontra posizionatu da Hondarribiko EAJ. Izan ere, iaz emandako urratsak mantentzeko erabakia hartu du alkateak aurtengo jaietarako, konpainien ordutegi eta ibilbideari dagokienez. Jeltzaleen ustez hartutako erabakiak eragileak asebetetzetik urrun daude.
Dena den, kezka nagusia irailaren 7an dutela adierazi dute jeltzaleek. Jaizkibel Konpainiari Salbeak iraun bitartean Arma Plazan egoteko baimena eman baitio alkateak. Erabaki horrek “konponbideak ekarri beharrean gatazka areagotzen duten urratsak” direla uste dute. Hori bai, ziurtatu dute alderdiak ez dutela tentsio gehiago sortzen lagunduko.
Aldiz, 2023an aplikatu zen agertokia ezartzearen alde agertu dira. Haien ustez agertoki horrek “errespetu handiagoz” funtzionatu baitzuen 2024koak baino. Horrenbestez, udal gobernuari “tentsio soziala areagotzea” leporatu diote eta “inposizio gutxiago eta akordio gehiago” erdiesteko eskatu diote.

