Errespetua eta bizikidetza oinarri dituen "beste dekretu bat" egitea posible zela esan dute Sozialistek
Sozialisten ustez 2023ko agertokia izan zen Auzitegi Gorenaren doktrina gehien errespetatu zuena eta aurtengo dekretuak hura guztiz errespetatu ez izana deitoratu dute.
Astelehenen honetan egin da publiko Hondarribiko alkateak, Igor Enparanek, alardea antolatzeko sinatu duen alkatetza dekretua. Alderdi Sozialistak hura aztertu eta haren inguruko iritzia plazaratu du.
Sozialisten ustez 2023ko agertokia izan zen Auzitegi Gorenaren doktrina gehien errespetatu zuena, eta Batzorde bileretan 2025eko jaietan hura errepikatzeko eskatu zuela adierazi dute ohar baten bidez. Aurtengo dekretuak, ordea, hura guztiz errespetatu ez izana deitoratu dute.
“Auzitegi Gorenaren epaiaren doktrinako zenbait gai jasotzen dira bertan. Zehazki, 279/2007 epaiak Jaizkibel konpainiak eta alardeak bete behar dituzten ordutegiak aipatzen ditu. Baina dekretua ez dator bat STS 279/2007 epaiarekin”.
Azken epai horrek Jaizkibel konpainiak eta alardeak okupatu behar dituzten espazioak zehazten ditu eta sozialisten ustez aurtengo dekretuak “espazio sinboliko” bat ezartzen du soilik, 2023ko dekretuak “irteera natural bat” bermatzen zuen bitartean.
Aldi berean, dekretuan egungo egoerarekin zerikusirik ez duten erreferentzia legislatiboak jasotzen direla uste dute, eta gai horri buruz egindako bileretan proposaturiko aldaketak onartu ez izana deitoratu dute.
Azkenik, hilaren 7a ere izan dute hizpide sozialistek. Egun horri begira erakundearen autonomia errespetatzeko eskatu du alderdiak.
Hondarribiko PSE-EEren helburua argia dela adierazi dute: “behin betiko ibilbide orri bat finkatzea, gizarte osoak alardea normaltasunetik ulertzeko moduak onartzetik eta bizikidetzatik eta errespetutik trata dezan”. Zentzu horretan, bizikidetza helburu, “jai alai eta zoriontsuez” gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.

