Jaizkibel konpainia: "Urrats gehiago espero genituen aurten"
Iaztik ez dela berritasunik izan salatu du konpainia parekideak. Hilaren 7ko Salbean eta Aurreskuan izango direla azaldu dute.
Jaizkibel konpainia, iazko Alardean. Irailaren 8aren gaineko, Alardearen egunaren gaineko ebazpena argitaratu berri du Hondarribiko Udalak. Horren gaineko irakurketa egin du Jaizkibel konpainiak. “Urrats gehiago espero genituen aurten”, esan du konpainia parekideak, eta “etsipena” azaldu du: “Iazko ebazpenetik hona ez da inolako berrikuntzarik izan, ez bada gure konpainiak berak irailaren 7an lehen aldiz Salbean eta udalak herritarrei eskaintzen dien Aurreskuan parte hartzeko erakutsi duen borondatea. Udalak aurten kaleratutako ebazpenak ez du berdintasunaren bidean urratsik ematen. Jabetzen gara herentzia txarra jaso duela aurreko udal gobernuaren eskutik, eta hortik abiatuta bideak zabaltzea ez dela erraza”. Konponbideak urrats sendo eta ausartak eskatzen dituela berretsi du konpainiak:”Hemen, lege baten urraketatik haratago, sistematikoki eskubideak ukatzen ari zaizkio herritar askori, eta hainbat instituzioren ardura izan da korapiloa gaurdaino heldu izana. Aldundiak eta Jaurlaritzak ezin dute beren erantzukizuna saihestu. Haiek ere honen guztiaren parte dira, hartu dituzten edo hartu ez dituzten erabakiengatik”.
Konpainiak uste du udalak “kontsentsuaren eta elkarrizketaren aldeko apustua” egin duela, “kontuan hartu gabe horretarako bideratu izan diren foroetan inolako parte hartzerik ez dela egon emakumeoi Alardea ukatzen digutenen partetik. Bizikidetzaren bandera hartuta, eta arazoa, muinean, diskriminazioa kontua dela ahaztuta nonbait, Udalak bi taldeak modu berean tratatu nahi ditu. Eta ezin dira berdin hartu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak”.
Iaz Gernikako Arbolan gertatukoa oroitarazi du, zentzu horretan, Jaizkibelek: “Elkarbizitzaren mesedetan, halaber, iaz Gernikako Arbolan gertatutakoaren aurrean udalak ez du inongo erreakziorik izan. Alabaina aurten, iaz bezala, Gernikako Arbolaren espazioaren banaketa ez da bidezkoa, ez da justua. Txoko batean nahi dute Jaizkibel konpainia, dagokion espazioa aitortu gabe. Nolanahi ere gerta liteke, aurten berriz ere, herriko konpainia guztiak eremu berean ez ikustea, batasun irudiak kalte egiten dio, nonbait, batzuen errelatoari”. Batasun espazioak landu ditu konpainia parekideak udal gobernuarekin nahiz Guztion Alardearekin: “Aurrera egiteko modua elkarguneak sortzea dela uste baitugu: festa elkarrekin ospatzeko bideak sortuz, ez batzuek besteei bizkarra ematen dioten herri baten irudia sendotuz. Ze etorkizun dauka bazterkerian eta banaketan sakontzen duen herriak?”.
Proposamenak, etorkizuna, eta Palestina
Jaizkibelek oroitarazi du haiek proposatu zutela Alardearen barruko 22. konpainia izatea. “Proposamen horrek gure helburu nagusiari uko egiten zion, zeina baita, emakumeak Alardean askatasunez parte hartzea, ez Jaizkibel Konpainian bakarrik, bakoitzak nahi duen konpainian baizik. Baina konponbide bat nahi genuen, horregatik proposatu genuen. Guk ez dugu segregaziorik nahi, herriko festak batera eta elkarrekin ospatzeko bideak zabaldu nahi ditugu”.
Alta, aurrera egiten jarraituko dutela berretsi dute konpainiako kideek, eta etsipenaren gainetik, elkarlanaren bidean jarraituko dutela ziurtatu dute, egunez egun jai inklusiboak ospatzeko gogoz. “Orain, irailaren 2, 4 eta 5ean, gure herriko kaleetan entseatuko dugu. Irailaren 7an, Salbean hartuko dugu parte, eta udal korporazioarekin batera, Arma Plazara joango gara herritarrei eskaintzen zaien Aurreskuan parte hartzera, gainontzeko konpainiekin batera. Eta irailaren 8an, indarrez eta konbentzimenduz, berdintasuna aldarrikatu eta ospatuko dugu. Ahaztu gabe, aurtengoan, Palestinaren aldeko aldarriz beteko ditugula ere kaleak, oso gogoan izan nahi dugu sarraskitzen ari den herrialde bat”.

