'Deserriratuen Memoriaren Zubia' inauguratu du Antxeta Irratiak
Hamabi irudi eta zenbait testigantza biltzen dituen erakusketa ondu du Antxeta Irratiak. Gaurtik igandera bitarte egongo da ikusgai.
cGaurtik hilaren 7ra ikusgai egongo den Deserriratuen Memoriaren Zubia erakusketa inauguratu du gaur Antxeta Irratiak. Indar faxistek Irun erre zutenetik 89 urte eta Franco Espainiako diktadorea hil zela mende erdi beteko den honetan kokatu dute erakusketa, Irungo Udalak antolatu duen egitarauaren barruan. Era berean, ez da ahaztu behar urtebete ere ez dela bete Avenida zubia memoria leku izendatu zutenetik.
Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak hartu du agerraldian hitza lehenbizi. “Proiektu herritarra garen heinean, konpromiso sendoa dugu hartua giza eskubideen alde eta memoria historikoaren berreskurapenean”.
Avenida zubia memoria gune bilakatu dela eta, koordinatzaileak azaldu du leku ezinobea iruditu zaiela Deserriratuen Memoriaren Zubia erakusketa jartzeko. Avenida deserriratuen memoriaren zubia dela esanaz jarraitu du gero, eta zehaztu du erakusketa horretan islatzen dela hamarkadak joan eta hamarkadak etorri Bidasoa ibaiaren inguruan arrazakeriaren, zatiketaren eta zapalkuntza ororen aurkako saretzea egon dela eta jarraitzen duela. Izan ere, irudiez gain, QR bat izango dute ikusleek eskura, eta hortik argazki bakoitzaren testigantza biltzen duen podcast bat izango du entzungai. “Zubi honek gure eskualdearen eguneroko bizitzan eta egitura sozialean izan duen eta gaur egun duen garrantziaz hausnartzea proposatzen du”, laburbildu ditu haren hitzak Zapirainek.
Erakusketaren inaugurazio ekitaldian zenbait gobernuz kanpoko erakundeetako kide eta eskualdeko ordezkari politiko izan dira, eta eurek hartu dute hitza gero.
Gorka Alvarez, Irungo Udaleko Giza eskubideak, Memoria demokratikoa eta Lankidetza zinegotzia: “Gure historiatik hasita memoria egiten, hobeto ulertu eta onartu behar ditugu gaur ematen diren hainbat mugimendu sozial, ekonomiko edo politikoak. Zubiak izango behar luke lotzeko, elkartzeko eta gauzak errazteko “.
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: “Izenari egin nahi nioke erreferentzia; Deserriratuen memoriaren zubia. Bidasoan ere gurutzatzera behartuak izan ziren milaka pertsona duela 89 urte. Gurutzatzera behartuak izan ziren haien oinarrizko eskubideak ez zirelako errespetatuak izango, eta beraien bizitza salbatze aldera joan behar izan zuten erbestera. Erbesteratuak eta deserriratuak izan ziren; milaka izan ziren erbesteratuak eta horietako askok deserria bizi behar izan zuten. Zergatik egiten dudan bereizketa hori? Deserriratuek erbesteratuen aldean ezin izan zutelako bueltatu urte askoren bueltan eta horietako asko erbestean euren bizitza galtzeraino iritsi zirelako”.
Jon Gambra, Foru Aldundiko Giza eskubide eta kultura demokratikoaren zuzendaria: “Avenida Zubia leku garrantzitsua da memoriaren ikuspuntutik. Memoria leku izendatu da; erakunde publikoetatik horrelako ekintzak bultzatzen ditugu, baina hori ez da nahikoa. Eta hor daude memoria elkarteak eta Antxeta Irratia bezalako eragileak lan guzti hori garatu eta osatzeko. Orain Avenida Zubia paseorako leku atsegin batean bihurtu da, muga arrazista, diskriminatzaile bat ere bizi izan dugu zubi honetan bertan, eta, hortaz, gauza asko dauka kontatzeko zubiak. Gerran izan zen erbesterako atea, erbestetik bueltatzeko atea ere bai… Antxeta Irratiaren ekimen honek balio du kontatzeko hemen zer gertatzen zen eta ahanzturan ez uzteko. Plaka bat jartzea eta memoria leku izendatzea ondo dago, baina kontatu behar da eta transmisio bat egon behar da leku horren garrantzia azpimarratzeko”.
Deserriratuen Memoriaren Zubia erakusketa, hortaz, igandera bitarte egongo da ikusgai Irungo Avenida zubian.

