Guztion Alardeak 'Jaiak elkarrekin' proiektua aurkeztu du
Orain artean egindako lanari jarraipena emateko asmoz, hiru egitasmoren berri eman zuten Guztion Alardeko kideek.
Guztion Alardeak Jaiak elkarrekin proiektua aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Aurreikuspen guztiak gainditu zituzten taldeko kideek; izan ere, Kultur Etxeko areto nagusia txiki geratu zitzaien. Eserleku guztiak beteta, hainbatek zutik jarraitu behar izan zuten ekitaldia. Eta zenbait kanpoan geratu behar izan ziren.
Aurtengo irailean sei urteko ibilbidea beteko du Guztion Alardeak. Taldea osatu zenetik egitasmo ezberdinak jarri dituzte martxan, hala nola, Barrenetik proiektua edota duela bi urte 2.000 hondarribiarrek sinatu zuten lau puntuko adierazpena.
Egindako lanari jarraipena emateko asmoz, atzoko aurkezpenean hurrengo hilabeteetarako prestatu dituzten egitasmoen berri eman zuten, Jaiak elkarrekin bizi ditzagun lelopean.
Aurrera eramango duten lehenen ekintza mural herrikoia izango da. Abuztuaren 8an izango da, Kasino Zaharrean. Julia, Naiara eta Maore izango dira proiektuaren irudia diseinatu eta gidatuko duten ilustratzaileak, eta nahi duten herritarrek ere zenbait zati margotzeko aukera izango dute.
Murala elkarlanean osatzea garrantzitsua da Guztion Alardeko kideentzat; “izan ere, uste dugu gatazkaren amaierarako ezinbestekoa dela herritarren arteko elkar ulertzea eta herritarren parte hartze aktiboa”, azaldu zuen Eneko Gonzalezek.
Egun horretan barra bat jarriko dute eta jatekoa ere egongo dela aurreratu zuen Gonzalezek. “Pintxopote estiloko zerbait izango da, musikarekin girotua, arratsaldea giro goxoan igarotzeko”.

Gernikako Arbola
Segidan, irailaren 8ari begira jarri ziren Guztion Alardeko kideak. Iaz, Jaizkibel Konpainiak Gernikako Arbolan beste konpainia bat bezala egoteko eskubidea izan zuen. Baina Alarde baztertzaileko agintariek “adostutakoari uko egin” eta Gernikako Arbolako espazioa hutsik utzi zuten.
Gertatutakoak zenbaiten beldurrak islatu besterik ez dituela egiten adierazi zuten Mikel Arruabarrenak eta Telmo Sagarzazuk: “Honek guztiak zerbait adierazten badu, da zenbat beldur ematen dien batzuei herritarren arteko elkartasun irudi natural horrek, eta nola erabili nahi duten boikota eta errespetu falta dagoeneko egia ez den errealitate bat irudikatzeko; betiere segurtasunaren aitzakia faltsua erabiliz”.
Hori dela eta, aurten hirugarren espazio baten eskaria egin dute Guztion Alardeko kideek. Gernikako Arbolan “elkarrekin egoteko” espazio bat sortu nahi dute, Alardean parte hartzen duten gizonek pauso bat aurrera emateko garaia dela iritzita: “Bada garaia Alardean desfilatzen dugun gizonek ere pauso bat aurrera emateko. Gure esku dagoena egin behar dugu konponbidea eta berdintasunaren alde”, aldarrikatu zuten.
Emakumeak Alardean parte hartzeko eskaera ofiziala
Alardea urteen poderioz eraldatzen joan den ospakizuna da. Hala azaldu zuen Mikel Arruabarrenak: “Mendez mende doinu eta kolore berriak txertatu zaizkio. Kantineraren figura txertatu eta pixkanaka heldu da Alardea gaur egun guganaino iritsi den ospakizuna izatera”.
Aurten 28 urte beteko dira gatazka hasi zenetik, eta bereizketak bere horretan jarraitzen duen arren, herritarrak “fase berri” batean sartu direla zehaztu zuen Arruabarrenak, eta Gizaker enpresak egindako inkesta ekarri zuen gogora: Hondarribiarren ia %56 emakumeek edozein roletan parte hartuko luketen Alarde bakarraren alde daudela erakusten du inkestak.
Zentzu horretan, Hondarribiko Alardeko konpainia ezberdinetan parte hartu nahi duten emakumeen testigantzak jaso eta datozen hilabeteetan dinamika horrekin jarraitzeko proposamena luzatu zuten Leire Mendizabal eta Ainhoa Alonsok.
Alardean parte hartu nahi duten emakumeen eskaera publiko bat burutuko dute eta horretarako zerrenda bat zabaldu dute, emakume bakoitzak zein konpainiatan desfilatu nahi duen jasoko duena.
Bi edo hiru hilabetez izango da zerrenda horretan izena emateko aukera. Izen abizenak, nortasun agiria eta parte hartu nahi den konpainia zehaztu beharko dira. Eta noski, Jaizkibel Konpainia ere beste edozein konpainia bezala irudikatzen dutenez bertan ere izena eman daitekeela zehaztu dute.
Digitalki ere apuntatzeko aukera izango da. Datu horiek guztion.alardea@gmail.com-era bidalita.
Epea isten denean dokumentuak Hondarribiko Udalari zein HAOSE-ri (Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea) entregatuko dizkiete.
Hortaz gain, 8 ataleko proiektu bat osatu dute, eta aurreratu dutenez astero-astero atal berri bat igotzen joango dira Guztion Alardeko sare sozialetara.

