Goi mailako estropadak Hondarribira itzuliko dira asteburuan
Kirol ikuskizunari Arraun Festak ekitaldia batuko zaio, herria berdez betetzea eta arraunlariak animatzea helburu.
Igor Enparan, Jon Vila, Amaia Ausan eta Joxemi Elduayen. Abuztua iristearekin bat heltzen da Hondarribia Arraun Elkarteak urtero antolatzen duen estropadaren txanda. Hondarribiko hondartzan hiru bandera izango dira jokoan asteburuan, eta herria kolore berdez betetzeko Arraun Festak ekitaldia antolatu dute.
Larunbat goizean, 11:00etan, suziriak bota eta Abiyuan fanfarrearekin hasiko da eguna. Hiritik barrena ibili ondoren, 12:30ean, Izugarria erraldoi eta buruhaundien konpartsak hartuko die lekukoa. Aldi berean, 12:00etik 14:00etara, Burrumba Elektropatxaranga San Pedro kaletik barrena ibiliko da.
Arratsaldean 16:30ean kalejira herrikoia hasiko da eta herritarrak elkarrekin egingo dute San Pedro kaletik hondartzarainoko bidea. Hondartzan arraun estropadei emango zaie hasiera.
Emakumeen XVII. Txingudiko Bandera – Balfego sari nagusia izango da lehian aurrenik eta ondoren gizonen Hondarribiko XXXVIII. Bandera – Mapfre sari nagusia. Euskotren Liga 17:25ean hasiko da, eta Eusko Label Liga, berriz, 18:21ean.
Ondoren, 20:00etatik 22:00etan Abiyuan fanfarrea itzuliko da Portura eta 22:00etatik 01:00etara DJ Kanupik alaituko du gaua.
Igandean ere estopadak izango dira herrian. Kasu honetan, KAE1 Ligako Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XIX. Bandera izango da jokoan. Hondarribia B arituko da bertan.
Etxeko ontziak eta estropada eremua
Gizonen A taldea “oso momentu onean” iristen dela azaldu zuen Joxemi Elduayenek. Etxeko estropadan ohorezko txandan arituko da Ama Guadalupekoa, eta taldeak jasan dituen aldaketak kontuan izanik, elkartearentzat sorpresa ezin hobea izan dela adierazi zuen. “Oso estropada txukunak egiten ari dira, eta batez ere oso erregularrak izaten ari dira. Etxeko estropadara ohorezko txandan iristea ez genuen espero eta uste dut horrek beste ilusio puntu bat emango digula”.
Emakumeei dagokienez ligan zehar “irregularragoak” izaten ari direla zehaztu zuen Elduayenek: “Oso estropada txukunak egin dituzte, baina besteetan fallatu egin dute”. Etxeko estropadan, ordea, “estropada on bat egitea” espero du lehendakariak, horretarako gaia badutela sinetsita.
Gizonen B traineruari dagokionez baja asko izan dituzte arraunlari asko lehen taldera igo direlako. Lehendakariaren iritziz ez dituzte gauzak errazak izaten ari, baina “oso lehiakor” eta “asko burrukatzen” ari direla zehaztu du. Momentuz kategoria mantentzeko postuetan daude, eta asteburu honen ondoren ere hala izatea espero du.
Estropada eremuari dagokionez, arratsaldeko 17:24ean izango da marea behera, eta beraz, txanda guztietan zehar marea igotzen joango da. Horrek ordea, aparteko eraginik izango ez duela uste du Elduayenek: “Hondarribian marea gora doala antolatzen dugu estropada, beherantz doala antolatuko bagenu ibaiaren indarrarekin aldeak handiagoak izango liratekeelako. Hortaz gain, marea hilak dira oran, beraz, pentsatu nahi dut ez dela izango egun okerrena kaleen arteko ezberdintasunak izateko”.
Antolakuntza eta babesa
Joxemi Elduayen Hondarribia Arraun Elkarteko lehendakaria, Igor Enparan Hondarribiko alkatea, Amaia Ausan Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako idazkaria eta Jon Vila Gipuzkoako Mapfre enpresako zuzendari komertziala izan ziren asteburuko ekitaldiak aurkezteko ekitaldian.
Hondarribiko estropadak antolatzeko entitate askoren laguntza behar izaten du Hondarribiko Arraun Elkarteak, batez ere babesleena, Hondarribiko Udalarena eta egunean bertan izango diren boluntarioena. Lehendakariak horien laguntza hori eskertu herritarrei berdez jantzita arraunlariak animatzera gerturatzeko deia luzatu zien aurkezpenean: “Kirol ekitaldi bat baino gehiago da, eta arraunlariek jendearen babesa beharrezkoa dute. Telebistan estropadak ondo ikusten dira, baina etxean, herriaren babesa erakutsi dezagun” esan zuen.
Ondoren, Jon Vilak, Gipuzkoako Mapfreko zuzendari komertzialak, hartu zuen hitza. 18 urtez gizonen banderaren babeslea izatea “ohore handia” dela adierazi zuen, eta hura babesten jarraitzeko arrazoiak plazaratu zituen: elkartearekin eta udaletxearekin duten sintonia, jendearekiko gertutasuna eta erreferentzialtasuna, eta balioak.
Ildo beretik mintzatu zen Amaia Ausan Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako idazkaria. 19 urte dira kofrafiak bandera babesten duela, eta beste urte luzez hala izaten jarraituko duela adierazi zuen.
Azkenik, Igor Enparan alkateak hartu zuen hitza. Udala estropadan eta haren inguruan sortzen den guztian laguntzeko prest izango dutela adierazi zuen alkateak; “izan ere, herriko koloreak traineruaren koloreekin batera herritarren izaeraren parte izatera heldu dira”, eta hori elkarteak egiten duen lanari esker dela zehaztu zuen.
“Hiru traineru daude goi mailan. Horrek esan nahi du adin ezberdina duten kirolariak, eta gizon-emakumeak daudela. Bizitza osasuntsua bultzatzen du elkarteak, eta guk ere hori bultzatu nahi dugu”.
Aldi berean, larunbatean Donostiako Klasikoa herritik igaroko dela oroitarazi zuen, eta beraz, jende asko izango dela herrian. Hori dela eta, asteburuan “gizalegez eta errespetuz” jokatzeko deia luzatu zuen.

