Jaiak hasi aurreko lasaitasuna, kartelera
Ana Lupe Iridoy Amunarrizek irabazi du 2025eko jai nagusiak iragartzeko kartel lehiaketa. 'Hilaren 7rako dena prest' da lanaren izenburua.
Arma Plaza Fundazioko bigarren solairuan 2025eko Hondarribiko Jai Nagusietako kartela aurkezteko ekitaldia egin dute, hain zuen, irailaren 7an jaiei hasiera ematen zaien leku berean.
Duela bi aste aukeratu zuen epaimahaiak aurtengo jaietako kartel iragarlea. Azaldu dutenez ez zuten lan samurra izan, 19 kartel aurkeztu baitziren guztira. Saria izango duten hiru finalisten artean Ana Lupe Iridoy Amunarrizen lana nabarmendu dute.
Hilaren 7rako dena prest izenburupean jaiak hasi aurreko lasaitasuna irudikatu nahi izan du Iridoyk. “Niretzat jaiak Alardea baino askoz gehio bada ere, Alardearen aurreko eguneko lasaitasuna isladatu nahi nuen. Dena prest eta goxo dagoenean hurrengo egunerako” kontatu du. Etxean bizi izan duena irudikatu nahi izan du kartelean: “Aldez aurretik dena prest egotea, mimoarekin prestatzea dena… Etxean ikusi dut hori”.
Duela 8 urte aurkeztu zen aurreneko aldiz lehiaketa honetara. Azken urteetan “haurrekin” askorik egiteko denborarik izan ez duen arren, honakoa ilustrazioak egiten asteko “behar nuen bultzada” izan dela onartu du.
Lehiaketara aurkeztu diren kartel guztiak Arma Plaza Fundazioko bigarren solairuan izango dira ikusgai abuztu bukaeratik iraila bukaerara arte. Aldi berean, jaietako argazki lehiaketara aurkeztu diren lanak ere ikusgai izango dira.
Epaimahaia Emeki elkarteko Tzane Carrillok eta Koro Bidaurretak, Menina tailerreko Jonan Basterretxeak eta Idoia Seijok eta Julia Lasa Goikoetxea ilustratzaileak osatu dute.

