"Hasieran ezin nuen sinetsi; hodei batean bezala nintzen"
Ekainaren 28an jakin zuen Carla Emazabelek 2025eko Kutxa eramailea izango zela. Egitekoaz «harro», prozesuaz gozatzen ari dela adierazi du hondarribiarrak.
Amaren zein aitaren aldetik familia arrantzalea du Carla Emazabelek. Santiago Egunean Kutxa eramateak, beraz, «harrotasuna eta ilusioa» sorrarazi dio, baita «ardura» puntu bat ere. Eguna nolakoa izango den gehiegi pentsatu gabe, guztia «sorpresaz» bizi nahi du.
Noiz eta nola jakin zenuen aurtengo Kutxa izango zinela?
Ekainaren 28a zen eta Irunen nengoen lagunekin, kantineren aurkezpena ikusten. Kioskoan ginen eta Banda ailegatzen ari zen. 22:20ak ziren. Primeran oroitzen naiz. Whatsapp-ean nenbilen eta dei bat sartu zitzaidan. Ez nuen kontaktua gordeta, baina argazkian Karmele agertzen zen, Norbertoren [Emazabel, Hondarribiko Done Pedro kofradiako lehendakaria] andrea.
Momentu horretan oso urduri jarri nintzen, zerbait gertatu behar zela sentitzen bainuen. Deia hartu eta Norbertok hitz egin zuen. Ea aurtengo Kutxa eraman nahi nuen galdetu zidan, eta negarrez hasi nintzen. Baietz esan nion.
Gerta zitekeela pentsatzen zenuen?
Inola ere ez. Banekien aukera hor zegoela, nire aita arrantzalea delako, baina ziurtzat jotzen nuen ni baino helduagoa zen norbait egongo zela aurten Kutxa eramateko. Nik 24 egingo ditut aurten. Ez nuen espero.
Momentu horretan zer sentitu zenuen?
Hasieran ezin nuen sinetsi, negarrez hasi nintzen. Amari deitu nion eta hura ere negarrez hasi zen. Familia Irunen zegoen eta denok elkartu ginen. Oso hunkigarria izan zen. Ondoren, ahizpari eta amonari deitu nien. Lagunak ondoan nituen… Hodei batean bezala nintzen.
Eta zuretzako zer suposatzen du Kutxa eramateak?
Txikitatik bizi izan dugu. Nire familia guztia, bai amaren aldetik, baita aitaren aldetik ere, arrantzale familiakoak gara. Niretzat harrotasuna suposatzen du. Aldi berean, ardura handia ere bada, baina batez ere harrotasuna eta ilusioa sentitzen dut.
Nola bizitzen ari zara prozesu guztia?
Hasiera estresagarria izan zen. Une honetan Bilbon nabil praktikak egiten eta lehendabiziko gauza pentsatu nuena izan zen: «Nola azalduko diot nire nagusiari hau dena?». Zeren noski, kanpokoek ez dute ulertzen zer den hau. Zorionez, hasieratik ulertu zuen eta ez zidan inongo eragozpenik jarri. Alde horretatik oso ondo.
Bestetik, estresagarria izan zen ere dena ahal bezain laster itxi nahi genuelako, baina sanmartzialekin kointziditzen zuenez hainbat establezimendu itxita zeuden. Aurreko urteetako Kutxekin hitz egin nuen, eta esan zidaten lehen astea beti izaten dela horrelakoa, baina gero oso ondo joaten dela dena. Orain dena lotuta dugu.
- Arrantzaleen Hermandadetik irtengo da Emazabel.
Entseguak imajinatzen zenituen bezalakoak izaten ari al dira?
Uste nuena baino hobeto izaten ari dira. Ez nekien Beko Errotan egiten zirenik eta oso momentu berezia da. Zure familia, lagunak, eta jende asko etortzen da, espero ez duzuna ere bai. Horren leku txikia izanik, giro familiarra sortzen da. Oso polita.
Nolakoa da entsegu bat?
Kutxa Beko Errotan uzten dugu, eta asteazkenetik igandera egunero joaten naiz. Bertan dagoen aparkalekuan pare bat buelta eman eta mendi aldera igotzen gara, lur ezberdinetan entseatzeko. Azkenik, bueltak entseatzen dira.
Prozesu horretan guztian zer izaten ari da zailena?
Kutxa prestatzea, esango nuke. Egia da uste nuena baino errazagoa izaten ari dela, baina hala ere, konstantzia izan behar duzu. Ezin duzu gorputza asko behartu, bestela hurrengo egunetan okerrago egon zaitezkeelako. Eta pentsatzen duzu: «Ea egun horretan…». Baina laguntza asko izaten ari naiz eta eskertzen da.
Astebete baino gutxiago geratzen da dagoeneko [elkarrizketa hilaren 19an egin zen]. Emozioak kudeatzea erraza egiten ari al zaizu?
Momentuz ez nago urduri, baina imajinatzen dut eguna gerturatu ahala histeriko jarriko naizela. Momentuz lasai nago.
Azkenik, pentsatu duzu zenbat buelta emango dituzun?
Ez dut pentsatu zehazki. Badut ideia bat, baina ez dira gehiegi izango.


