Bihar arratsaldean hasiko da ofizialki Hondarribiko Grand Slama
Hondarribiko Pilota Eskolako puntisten partidaren ondoren, Oier Kanpandegi hondarribiarrak profesional gisa debutatuko du.
Hondarribia Grand Slam sariaren hirugarren jardunaldia. Joan den ostiralean zesta puntako partidu estelarrak jokatu ondoren, bihar arratsaldean hasiko da ofizialki Hondarribiko Grand Slama. Emakumeek oraindik hilabete itxaron beharko dute lehen partidurako. Abuztuaren 22an hasiko da haien lehia.
Bihar arratsaldeko 20:00etatik aurrera pilotek abiadura handia hartuko dute Jostaldi pilotalekuan; izan ere, Grand Slamaren aurretik Hondarribiko Pilota Eskolako puntistak arituko dira lehian: Zamora-Aratz Azpiroz-Ekizaren kontra. Bertako kirolari gazteentzat aukera ezin hobea izaten da honakoa, ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, ikusgarritasuna eskuratzen baitute.
Ondoren, Grand Slameko protagonistek egingo dute salto kantxara. Kasu honetan ere hondarribiar bat arituko da nor baino nor lehian. Profesional gisa egingo duen estreinako partida izango da gainera. Oier Kanpandegik Erik Mendizabal bolibiarra izango du taldekide, eta elkarrekin Arbe eta Argoitiaren kontra lehiatu beharko dira.
Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Eventbrite webgunean edota pilotalekuan bertan.

