BATeko atletak bikain 16 urte azpiko Espainiako Txapelketan
Bidasoa Atletiko Taldeko lau atletek hartu dute parte txapelketan: Noa Garciak (altuera), Olatz Elizasuk (disko jaurtiketa), Jon Andianok (300 hesiak) eta Naia Piquerrek (1.000 m).
Iragan asteburuan 16 urte azpiko Espainiako Txapelketa jokatu da Gijonen. Bidasoa Atletiko Taldeak azaldu duenez oso denbora gogorrak ezarri zituzten txapelketan partu ahal izateko, ez soilik azken urteetan maila asko hazi delako, baizik eta atleta kopuru handia dagoelako ere. Beraz, parte hartzea nolabait mugatzeko denbora gogorrak eskatu ditu Espainiako federakuntzak.
Bidasoa Atletiko Taldeko lau atletek hartu dute parte txapelketan: Noa Garciak (altuera), Olatz Elizasuk (disko jaurtiketa), Jon Andianok (300 hesiak) eta Naia Piquerrek (1.000 m).
Emaitzik onena Noa Garciak lortu du. Altuera jauzian zazpigarren postuan amaitu du txapelketa, bosgarrenarekin berdinduta, 1 metro eta 58 zm-ko jauzi batekin. Hurrengo altuera gainditu izan balu marka pertsonala izango litzateke Garciarentzat. Hortaz, denboraldia “oso zapore gozoarekin” bukatu duela baieztatu du klubak.
Olatz Elizasu, berriz, zortzigarren sailkatu zen 35,27 metroko jaurtiketa batekin. Klubak oroitarazi duenez duela gutxi Euskadiko errekorra hautsi zuen disziplina berean 39 metroko jaurtiketa eginez. “Adin hauetan esperientzia faltak eta urduritasunek asko baldintzatu dezakete jarduna. Baina ziur datozen txapelketetarako baliagarria izango zaiola” adierazi du BATek.
Jon Andiano 300 metro hesien proban bederatzigarren geratu zen, eta beraz, ez zuen finalera sailkatzerik izan. Oso lasterketa ona egiten ari zela azaldu du klubak, baina bosgaren hesia kolpatu eta erritmoa galdu zuela. “Haren txandako lehen postuagatik borrokan ari zela gertatu zitzaion eta soilik 7 zentesimagatik geratu zen finaletik kanpo”.
Azkenik, Naia Piquerrek finalerdietara igarotzea lortu zuen, eta bertan, oso lehiakor aritu zen gainera. Helmuga 3:05 minutuan gurutzatu eta haren txandan bosgarren geratzea lortu zuen. Finalera lehen lau sailkatuak igarotzen zirenez ez zuen txartela lortzerik izan. Guztira 14. postuan bukatu zuen txapelketa. Honakoa oso emaitza ona dela ziurtatu du klubak; izan ere, txapelketara 32. denbora onenarekin iritsi baitzen.

