Udako zesta punta partidak Jostaldira itzuliko dira
Gizonezkoen Hondarribia Grand Slama eta emakumeen Master Series Hondarribia aurkeztu dituzte. Ostiral honetan partidu estelarrarekin emango diote hasiera jaialdiari.
Gaur goizean Udaletxeko Areto Nagusian aurkeztu dute Hondarribia Grand Slamaren hemeretzigarren ekitaldia. Igor Enparan Hondarribiko alkateak, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Mikel Egiguren Jai Alive-ko arduradunak eman dituzte azalpenak.
Urte hauetan guztietan zehar aldaketa nabarmenak gertatu dira torneoan. Iaz, lehenen aldiz, emakumeen Master Series Hondarribia jokatu zen, eta aurten bigarren ekitaldia izango dute. Gizonezkoen kasuan puntistarik onenak bueltan izateaz gain berritasun “pozgarri” bat ere badagoela azaldu du Hondarribiko alkateak. Iaz Julen Basterrak “Txanika” debutatu zuen profesionalki, eta aurten Oier Kanpandegik “Kanpan” debutatuko du. Beraz, aurten bi hondarribiar arituko dira Grand Slamean.
Lehiaz harago “elkar ezagutzeko, kirola sustatzeko eta balore humanoak zabaltzeko” balio izatea espero duela adierazi du Enparanek.
Segidan, Azahara Dominguezek hartu du hitza. Jai Alive enpresak urtero egiten duten lana goraipatzeaz gain, halako kirol ekitaldi bat turismoarentzako onuragarria dela esan du diputatuak. Bereziki, esperientziak bilatzen dituzten turisten intereserako izan daitekeela uste du, “gure kultura eta tradizioak ezagutzeko interesa dutenentzako”. Horregatik, partidaz gozatzeko gonbita egin eta bisitari zein herritarrek garraio publikoa erabiltzeko deia egin du diputatuak.
Grand Slam – Master Series
Hondarribia Grand Slama 2007tik antolatzen da, eta beraz, hitzordu sendoa bihurtu da urteroko egutegian. Horrek Hondarribia pilotaren munduan erreferente bilakatzea ahalbidetu duela adierazi du Mikel Egiguren Jai Alive-ko arduradunak.
Jai Alive enpresak antolatzen du jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Hondarribiko Udalaren eta Hondarribiko Pilota eskolaren laguntzarekin. Horiei guztiei eskerrak eman eta Asier Linazasoro Geroa enpresako kidea ere agurtu nahi izan du Egigurenek. Txapelketaren parte izango delako harro.
Emakumezkoen lehian Tania Mayorga (Mexiko), Erika Mugartegi (Markiña-Xemein), Laura Rodriguez (Iruñea), Gisela Ucles (Bartzelona), Arai Lejardi (Markiña-Xemein), Naroa Merino (Tolosa), Alize Arriaga (Markina-Xemein) eta Lur Lejardi Larrinaga (Markina Xemein) arituko dira. Munduko neskarik onenak dira Jostaldi pilotalekuan arituko direnak. Arai Lejardik eta Erika Mugartegik, adibidez, Nazioen Liga irabazi zuten duela hilabete.
Gizonezkoenean aldiz, Jokin Arbe (Markina), Ortzi Aldazabal (Berriatua), Erik Mendizabal (Bolivia), Victor Hernandez (Donostia), Gorka Mugartegi (Markina-Xemein), Bixente Gonzalez (Biarritz), Eñaut Salegi (Markina), Ruben Bailo (Noain), Guillen Oyhenard (Maule), Alex Hormaetxea (Miami), Oier Kanpandegi (Hondarribia) eta Julen Basterra (Hondarribia) arituko dira.
Lehiak ostiral honetan hasiko dira, partidu estelarrarekin. 20:00etan Martin-Gavine bikoteak Anje-Xubanen kontra izango dute lehia. Ondoren, 21:00etan Txanika-Bereau eta Zamora-Kanpan-en arteko partida jokatuko dute. Grand Slama hilaren 25ean hasiko da eta Master Series-a abuztuaren 22an. Finalak irailaren 19an izango dira.
Sarrera orokorra 10 eurokoa da, finalerdietan sarrerek 12 euroko kostua izango dute, eta finalak 15 eurokoa. Jostaldi pilotalekuan edota online eros daitezke Jai Aliven webgunean.

