Bederatzi bikote lehiatuko dira Hondarribiko Dantza Suelto Txapelketan
Igande honetan egingo da dantza suelto txapelketa, Santiago kalean. Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu dute.
Bikotekako euskal dantza onenaz gozatzeko aukera izango da igandean Santiago plazan. Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Hondarribiko Dantza Suelto Txapelketa egingo dute.
Aurten 16 urtetik gorako bederatzi bikote arituko dira lehian: Nora Aizpuru eta Iker Zabala (Azpeitia), Jone Arriaran eta German Aranburu (Azpeitia), Bidatz Manterola eta Jon Alkain (Orio), Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara), Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo), Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela), Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola (Azpeitia), eta Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola (Lezo).
18:00etatik aurrera bikoteen aurkezpen saioa, zortzi pausoko Fandangoa eta Arin-arina dantzatu beharko dituzte. Musika Mamen Maltzeta eta Nerea Ugarte trikitilarien esku izango da eta epaileak Idoia Besada, Nahikari Vizuete eta Xabier Mendizabal izango dira.
Parte hartzaile guztientzat, gainera, sari ekonomikoa izango dela jakinarazi du udalak. Irabazleak 250 euro jasoko ditu, txapeldunordeak 220 euro eta hirugarrenak 200 euro. Gainontzekoek 120 euro jasoko dituzte.

