Alkateak "onartezintzat jotzen zituen praktikak" orain defendatzen dituela salatu du EAJk
Hainbat ordainketa ebazpen kontu hartzailearen eragozpenekin sinatu izana leporatu dio EAJk alkateari, oposizioan zegoenean aldarrikatzen zuenaren kontra.
Bihar, 10:00etatik aurrera, uztaileko Ezohiko Osoko Bilkura egingo dute udalean. Eguneko aztergaien hirugarren puntua 2024. urteko eragozpen txostenaren berri ematea izango da. Hori dela eta, EAJ alderdiak puntu horren inguruko hausnarketa plazaratu nahi izan du.
2024an Hondarribiko alkateak kontu hartzailearen eragozpenen aurkako hainbat ordainketa ebazpen sinatu zituela jakinarazi dute. Azaldu dutenez, kontu hartzaileak “lizitazio publikoko prozedurei jarraitu gabe kontratatzen diren zerbitzuetarako kontratu txikia gehiegikeriaz erabiltzeagatik”, eta “jada iraungita dauden kontratuak dituzten enpresei fakturak ordaintzeagatik” ezarri zituen eragozpenak.
Aurreko legealdian, alkateak berak “onartezintzat jotzen zituen praktikak” direla horiek salatu dute jeltzaleek, eta orain “azalpenik gabe” sinatzen eta “defendatzen” dituela.
Dena den, udal kudeaketaren konplexutasuna ezagutzen dutela esan dute, eta jakitun direla eguneroko beharrek zenbaitetan talka egiten dutela arau esparruaren zurruntasunarekin. Hortaz, zenbaitetan herritarrei erantzuteko erabaki zailak hartu behar direla ulertzen dute eta EAJk bere garaian zenbait dekretu eragozpenekin sinatu zituen bezala, egungo gobernua ere egoera berean dagoela uste dute.
Herritarrei egoeraren berri eman diezaiela eta txosten teknikoak arma politiko gisa erabiltzeari utz diezaiotela eskatu diote udal gobernuari.

