Indarkeria matxistak ez duela lekurik esan dute ozen
Gaitzespen osoa adierazi diote Hondarribian izandako azken indarkeria matxista kasuari udalak eta herritarrek.
Gaur goizean egin dute elkarretaratzea Martxoak 8 plazan. Emakume elkarteek, mugimendu feministak eta udalak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean dozenaka herritarrek Hondarribian izandako azken indarkeria matxista kasua salatzeko. Atzo bertan eman zuen eraso horren berri udalak, baita indarrean duen protokoloa martxan jarri eta gaurko deitu elkarretaratzera.
Isilik egin dute elkarretaratzea udal ordezkariek eta herritarrek, Emakumeen aurkako indarkeriari ez leloa zuen pankartaren atzean. ez dute adierazpenik egin bertan, baina udalak atzo zabaldu zuen adierazpen instituzionala erasoaren berri izan bezain pronto.
Garbi esan zuen adierazpen horretan udalak, indarkeria matxistak “arazo sakon bat” daukala jatorrian: “Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko”.
Halaber, udalari udalerrian bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzea dagokiola esan zuen adierazpenean, eta bide horretan “bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea” bilatu beharra denen lana dela nabarmen jarri zuen.

