Hamalau talde arituko dira Hondartza Errugbi txapelketan
Goizeko 10:00etan emango diote hasiera zortzigarren Hondartza Errugbi txapelketari. 11:00etan Hernaniko errugbi inklusiboko taldeak erakustaldia egingo du.
2024ko txapelketako irudiak.Txingudi RC Asteburu honetan jokatuko da Hondarribiko hondartza errugbi txapelketa. Ipar zein Hego Euskal Herriko hamalau talde arituko dira lehian zortzigarren edizio honetan. Horietatik hamar txapelketa irekian arituko dira, eta lau beteranoen txapelketan.
Txingudi Errugbi taldeko kideak gustura daudela adierazi dute txapelketaren atarian; izan ere, pasa den urtean baino bi talde gehiagok hartuko dute parte aurtengo ekitaldian. Hauexek dira taldeak: Euskal Barbarians, Amigos de Asur, Les Bacchus, Gussy Pussies, Bar Restaurante Camping Jaizkibel, Xuribeltzak, Flying Fijians, Yuhuu, Aguela Moncayo eta Txikingudis txapelketa irekian, eta Zahar Bacchus, Pirolitikak, Otso zaharrak eta Ahari zaharrak beteranoenean (35 urte baino gehiagokoan).
Goizeko 10:00etan emango diote hasiera txapelketari eta 11:00ak arte lehian arituko dira, nor baino nor trebeago. Hirugarren denboran jokalari onenek Artiachek emandako sari berezia jasoko dute, eta txapelketaren ondoren, 11:00etan, Hernaniko errugbi inklusiboko taldeak erakustaldia egingo du.
Antolakuntzak 200 bat lagun bilduko direla aurreikusi du. Horiek freskatzeko eta sabela betetzeko taberna bat eta Txingudi Errugbi taldea babesteko merchandising postua izango dituzte eskura.
Txingudi Errugbi taldeak txapelketa egitea posible egin duten entitate eta enpresei eskerrak eman dizkie, “babeslerik gabe ez bailitzake posible izango topaketa hau aurrera ateratzea”. Zehazki, Hondarribiko udalari, Amster Radlerri, Filipinos-i, Anetori, Zaisari, Biok-i, Dinuy-ri, App Irun-i, Aurreratu elkarteari, Gabiria jatetxeari eta Txinzerri.

