Osasun Bidasoa: "Bidasoko osasun arretako arazoek konpondu gabe jarraitzen dute"
Maiatzeko manifestazio jendetsuaren ondoren ez dute Osasun sailaren erantzunik jaso. Bitartean, urologia zerbitzua Bidasotik kendu badute ere Donostian ez direla zerbitzua eskaintzen ari ohartarazi dute. Haurrentzako larrialdi zerbitzua ere ez da itzuli.
Milaka eta milaka bidasoar batu dira mobilizaziora. Osasun Bidasoak ez du etenik hartu salaketarako eta egoera ez delako hobetu izan da. Bidasoa ospitalean urologia eta patologia zerbitzua kendu zuten eta pazienteak Donostiako ospitalera bideratzen badituzte ere, ez dabiltzala urologiako kontsultarik ematen salatu du plataformak. Soilik larrialdi egoerak artatzen ari direla ohartarazi dute.
Atzera begirako azkar bat eginda, Bidasoko ospitalean lau urologo zeuden eta mediku bajen eta lekualdatzeen ondorioz, 2022ko uztailean urologo bakarra geratu zen lanean. Honek ere uko egin zion postuari lana prekarioa zelako eta arreta egoera prekarioan eskaini behar zuelako. Bitartean, itxaron zerrendak urtebetekoak izan dira eta ebakuntza jarduerarik ez da egon.
Egun, Donostiako ospitalekoak dira itxaron zerrenda luzeak eta pazienteei hitzorduak bertan behera uzten ari dizkietela salatu du plataformak. “Herritarrei esaten zaie itxaron zerrendan daudela eta aukerarik dagoenean deituko zaiela”, zehaztu dute. Hortaz gain, paziente hauei gomendatzen diete atzeratu ezin daitekeen sintomarik edukitzekotan, familia medikuarengana jotzea edota Irungo erdiguneko anbulatorioko larrialdietara joatea.
Beraz, urologia zerbitzua familia medikuak eskaini behar duela deitoratu du Osasun Bidasoak. Kasua larriagoa bada, Bidasoko ospitalera joatea eskatu duela Osakidetzak salatu dute, baina berriro oroitu dute ospitale honetan ez dagoela urologia zerbitzurik eta Donostian ezinezkoa dela zita bat lortzea.
Urologia arreta faltak “arazo larriak” eragiten dituela salatu dute. Batetik, diagnosia duten pazienteek ezin dutelako jarraipenik jaso, esate baterako, prostatako, giltzurruneko edo gernu maskuriko minbizia dutenek. Bigarrenik, minbiziaren susmoa edo beste patologia larria dituzten pazienteak ezin dituzte aztertu eta diagnostikatu.
Egoera honek diagnostikoaren atzerapena dakar eta tratamenduen eraginkortasuna arriskuan jartzen du. Osasun Bidasoak ohartarazi du gaixoen bizitza bera arriskuan jartzen ari direla.
Kasu arinagoak dituztenen pazientak zeinak espezialista baten interbentzioa behar duten, osasun sistema pribatura joaten ari dira. “Hau onartezina da eta desberdintasun soziala sortzen du”, salatu dute beste behin.
Pediatriaren larrialdietako zerbitzua ere ez da itzuli. Horrez gain, lehen mailako arretan pediatrak falta dira eta berriro mahai gaineratu dute lehen mailako arretaren ordutegia berria ez direla betetzen ari. Alegia, hitzorduak 17:00ak arte eman behar zituzten baina ez da hala plataformaren hitzetan. “Ez da pediatria arretarik indartu”.
Hainbat datu eman dituzte. 2025eko maiatzaren 1a baino lehen hamabi pediatra plaza eskaintzen zituen Osakidetzak baina ospitaleko plaza kendu egin denez, 11 dira egun eskaintzen direnak. Plaza horien gehiengoak hutsik daude eta eskualdeko haur asko medikurik gabe egotera behartzen duela egoerak salatu dute. “Hitz emandakoaren aurka, prebentzio jarduerak utzi egin dira eta pediatrak premiazko kasuak eta patologia akutua bakarrik artatzen ari dira”.
Haur eta gazteekin jarraituz, psikiatria kontsultako ateak itxita jarraitzen du. Osakidetzak bigarren psikiatra plaza bat jarriko zela esan bazien ere, plaza hori ez da bete eta horri gehitu behar zaio Donostian “zailtasun handiak” dituztela lehen kontsultak egiteko eta jarraipenak egiteko. “Arreta prekarioa da”, deitoratu du plataformak.
Pasa den hileko manifestazioan 12.000 herritar elkartu ziren haserre baina ez dute Osasun sailaren inolako erantzunik jaso. “Bidasoko osasun arretako arazoak konpondu gabe jarraitzen dute eta hilabetez hilabete okerrera egiten dute”, esan dute etsituta. Osasun sailaren arduradunen kudeaketa txarrari egotzi diote egungo egoera eta eskualdeko pazienteen osasunari kalte egiten ari diotela leporatu diote.

