Euskal Herriko Gazte Orkestrak geldialdia egingo du Hondarribian
Kontzertua Itsas Etxea Auditoriumean egingo dute, hilaren 13an, arratsaldeko 19:00etan. Telmo Gorrotxategi eta Enaitz Manso perkusionista hondarribiarrak bertan izango dira.
Udaro bezala Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioak (EGO) bost emanaldi eskainiko ditu Euskal Herrian zehar. Horietako bat Hondarribian izango da, hilaren 13an Itsas Etxean (19:00etan). EGO musikari gazteen prestakuntzarako tresna gisa sortu zuten 1997an eta ordutik milaka ikasle igaro dira bertatik.
Kontzertua A. Copland konpositorearen Gizon arrunt batentzako fanfarriarekin hasiko dute. Copland-ek 1942an konposatu zuen, Bigarren Mundu Gerran. Herritarren borroka eta sakrifizioak omentzeko.
Ondoren, Richard Strauss konpositorearen Haize-instrumentuetarako serenata joko dute, eta segidan, J. Esnaolaren Luur obra estreinatuko dute. Azken hau, Nestor Basterretxea artistaren oroimenez idatzitako lana da eta zapaltzen den lurrari egiten dio erreferentzia, gizakiak egiten duen lurraren erabilpenaren inguruko gogoeta eginez.
Azkenik, Franz Schuberten Sinfonia amaitu gabea obrarekin bukatuko dute emanaldia. EGOk azaldu duenez bi mugimendu ditu soilik eta malenkonia eta lirismo handia adierazten du. Gainera, amaitu gabeko obra denez, “intentsitate emozional betea eta iraunkorra” transmititzen duela gaineratu dute.
Bi hondarribiar EGOn
Aldian behin orkestrako kideak berritu egiten dituzte. Iaz 200 lagun aurkeztu ziren eta horietatik 28 hautatu zituzten titular gisa. Aurten EGOko kideen artean bi hondarribiar daude: Telmo Gorrotxategi eta Enaitz Manso perkusionistak.
Kontzertu bira hasi aurretik topaketak egiten dituzte, interpretatuk dituzten obrak prestatzeko. Horietan Amsterdameko Royal Concertgebouw, Espainiako Orkestra Nazionaleko, Valentziako Palau de Les Artseko Orkestrako, Euskadiko Orkestrako, Bilboko Orkestra Sinfonikoko, Galiziako Orkestrako eta beste hainbat taldetako profesionalak izango dituzte irakasle.

