Bozeramaile karguaren lehen urteko balantzea egin du Alvarezek
Kargua hartzea "benetako ohorea" izan da Alvarezentzat eta orain arte lortutako akordioak gogoratu ditu.
Urtebete igaro da Gorka Alvarez Aranburu bozeramaile jeltzaleak egungo alderdiaren kargua hartu zuenetik eta pausa egin dute bilana egiteko. Alvarezek laburbildu du “benetako ohorea” dela hartu zuen rola.
Azken hamabi hilabetetan “hainbat aldaketa” egin direla Irungo EAJren proiektu politikoan esan du Alvarezek. Esate baterako, Xabier Iridoi, Urkiri Salaberria eta Jose Enrique Corchonek udalbatzako eserlekua utzi zuten eta haien ordez Maite Cortina, Irene Kastezubi eta Carlos Martin batu dira taldera. Aldaketa hauek garrantzitsutzat jo ditu bozeramaileak, proiektua indartu dutelako. Pertsona hauek Irun hiri hobea izateko xedearekin batu direla azaldu du Alvarezek.
Urtarrilean sozialistekin udal gobernu akordioa erdietsi zuten “aurrerapausoak” eman nahian eta Alvarezen azaldu du bozeramailea denetik “akordio handiak” lortu dituztela. Akordio horiekin Iruni “egonkortasun politikoa” eman diotela ziur agertu da, “proiektu estrategikoetan aurrera” egin dutelako.
Sozialistek soilik osatutako udal gobernuaren aurrekontu proposamenak ez zuela hiriari buruzko ikuspegi orokorrik jasotzen deitoratu dute eta bi alderdien arteko koalizio itunari esker bestelako aurrekontuak onartu zituzten. “Bost hilabete hauetan herritarren gure taldeak gobernatzen ditugun arloetan egiten duen lana baloratzen jakin dute”.
EAJren lau ordezkarik dituzte departamentuen gidaritzak eta haien erronka nagusia “laguntza ematea eta herritarrei entzutea” dela azaldu dute. Bestelako hainbat erronka zerrendatu dituzte: “osasuna, kirol azpiegiturak, sustapen ekonomikoa, bide azpiegiturak, segurtasuna, Arbesko egoitza, euskararen sustapena, etxebizitza, ingurumena…”.
Azkenik, Alvarezek nabarmendu nahi izan du hiriarekin duten konpromisoa “zintzoa” dela eta eskutik helduta jarraituko dutela “Irun izeneko proiektu komun honen eraikuntzan”.

