563 haur ari dira parte hartzen Solas Jolas udalekuetan
Euskal kulturaren transmisioa eta identitatea da uztaileko ardatz nagusia. Abuztukoa, berriz, musika izango da. Udagiro ere hasi da.
Hasi dira Solas Jolas udaleku irekiak. Lanean 79 hezitzaile arituko dira bi txandatan bereizita uztailean eta abuztuan. Guztira 47 talde osatu dituzte eta hiriko zazpi eskolatan banatuta daude. Uztailean 498 haurrek hartuko dute parte eta abuztuan, berriz, 76k. Lekaenea eskolan egongo dira abuztuko guztiak. Bestalde, hezkuntza premia bereziak dituzte 20 haur egongo dira gozatzen aisia aukera honetaz.
Josu Igiñiz Euskara ordezkariak adierazi du aisialdia eta denbora librea euskaraz eskaintzeko “konpromiso irmoa” duela departamentuak eta Solas Jolas aukera ontzat jo du lagunen artean euskara sustatzeko eta erabiltzeko, kalean, plazetan eta etxean.
Programazioa ontzeko Ni eta Gu deituriko ikuspegia hartu dute oinarri begiraleek eta Solas Jolasekin euskara sendotu eta erabiltzeko motibazio motorra bultzatu nahi dute. Hortaz gain, era guztietako tailerrak eta parte hartzeko dinamikak eskainiko dituzte eta euskal kulturaren transmisioa eta identitatea izango da uztailean jorratuko dute ardatza. Aldiz, abuztuko gai nagusia musika izango da eta leloa laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik! izango da.
Irteerak ere egingo dituzte, adibidez, Eureka Zientzia Museora, Donostiako Gladis Enea parkera, Pagoeta natura parkera, Arditurriko meategietara edota Albaola Itsas Kultur Faktoriara.
Udagiro
Beste herrialde edo erkidego batzuetatik etorritako haur eta gazteei euskara irakastea da helburu duen errefortzurako programa da Udagiro eta hau ere martxan dago. Lehenbiziko txandan lau talde osatu dituzte eta 10 eta 16 urte bitarteko 44 haur eta nerabe ari dira parte hartzen. Abuztuan beste bi talde osatuko dituzte eta bi hilabetetan guztira 70 lagun izango dira parte hartzaileak.

