Mugikortasuna hizpide, auzo elkarteekin bilduko da udala
Hamazazpi auzo elkarteekin elkartuko da azken neurrien gaineko iritziak eta ekarpenak entzuteko.
Udalak mugikortasunaren alorrean hartu dituen azken neurriak medio, udalak hiriko hamazazpi auzo elkarteetako ordezkariekin elkartuko da haien iritzia zuzenean jaso ahal izateko. “Entzun egin nahi dugu, egindakoa ebaluatu, eta elkarrekin auzo bakoitzaren beharrei erantzuten dieten proposamen berriak landu”, azaldu dute.
Hainbat dira hartu berri dituzten neurriak, hala nola, TAO sistemaren hedatzea eta honen ordutegi berriak; edota bertakoek bakarrik aparkatzeko eremu gehiagoren sorrera. Horrez gain, udalak gai honen bueltan jaso dituen hainbat proposamen entzun nahi ditu ere: etxe bakoitzeko aparkatzeko bi txartel izateko eskubidea, isuri gutxiko eremuaren erronkak edota garraio publikoaren erabilera.
Bilera hauek hiri barruko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren bide hasitako elkarrizketa eta akordio prozesuaren parte direla azaldu dute. Gaineratu dute hau dela jarraitu nahi duten bide orria Irun “jasangarri eta irisgarriagoa eta ingurunearekin adeitsuagoa” izateko.

