LAB sindikatua: "Alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago"
Alkatearen "jarrera ezaxolatia" eta adierazpen "lotsagabeak" salatu dituzte, eta nabarmendu egin dute auzi politiko honen eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra mugimendu feminista dela.

Irungo alardean parte hartzeko hainbat emakumek egindako saiakera gogoratu du LAB sindikatuak eta ekintza hura emakumeen eskubideen aldeko borroka feministan pauso bat gehiago ematea izan zela oroitu dute. Emakumeen parte hartze librerik gabe, jaiak ez direla parekideak ezta askeak “argi” adierazi du sindikatuak. Sindikatuak egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen “eskubide osoa” aldarrikatu du.
Gatazka politikoa sortu zenetik– azken 29 urteetan– “ukazio, gatazka, indarkeria, irain eta ezeztatze politikoa” egon direla salatu dute. Udal gobernua seinalatu dute eta azaldu dute ez dutela konponbidearen bidean jartzeko inolako ekinbiderik egin. Aitzitik, alarde alarde baztertzailea babestu eta espazio publikoan eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra ibiltzea egotzi diote.
Esku hartze gabeziak emakumeen zapalkuntzari “gorazarre” egiten diola uste du LAB sindikatuak eta horrek klase zapalkuntza betikotuko duela. Aldiz, aitortza egin diete urte hauetan borrokan aritu diren emakumeei, haiei esker aldaketarako zirrikituak zabaldu direlako.
Duela bi urte egin zion lehenbizikoz harrera instituzionala Irungo udal gobernuak (PSE-EE eta EAJ) alarde parekideari eta urte hau aldaketarako “aukera paregabea” izan zela uste du sindikatuak. Dena den, alkatearen eta udal ordezkarien “jarrera ezaxolatiak” eta “prentsan egindako adierazpen lotsagabeek” nabarmen utzi dute sindikatuaren esanetan mugimendu feminista dela “oraindik ere” eraldaketaren sinbolo “nagusi eta bakarra”.
Gatazka honi konponbidea emateko udal gobernuaren “konpromiso eta borondate falta” agerikoa dela deitoratu du LABek eta eskaera zehatza egin dute: alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.
Konpromiso politiko eza ere egotzi diote gainerako erakunde publikoei: “Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dago egoera aldatzeko inolako konpromiso politikorik”.
Oraingoak “garai nahasiak” direla ere oroitu dute, lortutako aurrerapenak eta asktasunak arriskuak diruditelako. Honen aurrean, udal alarde publiko eta feminista baten alde antolatzen eta borrokatzen ari direnei eskerrik beroenak helarazi dizkiete. “Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan, ezta alardean ere, bazterketarik onartzeko prest”.
Aldarri batekin bukatu dute komunikatua: “Gora udal alarde feminista eta bakarra! Gora borroka feminista!”.