Kolore guztiak Alarde parekideari harrera egiten, baina erantzun berri gutxi
Arrankadaren ondoren San Juan plazara iritsi dira konpainiak. Han, iaz bezala, alderdi politiko guztien eta eragile askoren harrera jaso dute.

10:20an egin du arrankada, San Martzial kalean, Alarde parekideak. Maldan gora metro eskas batzuk egin, eta San Juan plazako errebistara bildu dira konpainia guztiak. Han, udaletxeko balkoian, zain zituzten erakundeetako ordezkariak. Iaz bezala, harreran kolore guztietako alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariak izan dira, Cristina Laborda alkatea eta gobernu taldeko kideak (PSE-EE eta EAJ) balkoiaren erdialdean zirela. EH Bilduko, Podemoseko eta PPko zinegotziak ere izan dira; alderdi gehienetako herrialde mailako arduradunak ere (PSE-EEkoak, EH Bildukoak eta Podemosekoak) izan dira oles jardueran.
Alarde parekidearen helburua da Irunen Alarde publiko eta parekide bakarra izatea; galdera horri erantzun behar dio gaur udalak, zehazki gobernu taldeak. Eskaera hori jada historiko bilakatu da, udalaren partetik erantzun eskasarekin orain arte. Ezikusiarena egin diote hitzez eta ekintzez aukera horri unean uneko udal agintariek. Eguerdi aldera ordezkari publikoen adierazpenekin albistea egingo du HITZAk. Beharbada, erantzunak orduko horretan emango ditu Laborda alkateak.
Harreraren ondoren, EH Bilduko zinegotzi Ane Unanuek eman dio hiriko bandera Bidasoa konpainiako abanderatuari, Iker Monterori. Une hunkigarria udaletxeko arkupetan. Bidasoko kantinerak, June Ugartek, musukatu du ikurra. Harro, pozik, hunkituta. “Gora Bidasoa! Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Irungo Alardea!”, oihukatu du Monterok jada bandera eskuan. Irungo Alardeak publikoa eta bakarra izan behar duela aldarrikatu du horrela. Balkoian zeudenetako asko ziren udaletxearen behealdean bandera emateko unean. Cristina Laborda alkatea, ez.
Alardearen jeneralak, Maite Bergarak, hamahiru konpainiei errebista egin eta deskarga egin dute. Hasi dute konpainiek Irungo kaleak berdintasunean girotzeko bidea Egun handia gaur Irunen.