Alkateak ezetz erantzun dio alarde publikoa antolatzeko eskakizunari
Labordak berriro ere hitzez hitz adierazpen berdinak egin eta alardea bizitzeko bi modu daudela azaldu du. Emakundek prozesu bat abiatzea eskatu dio udalari, udal alarde publikoa antola dezaten.

Burutu du Alarde parekideak beste urte batez goizeko desfilea. Beste urte batez txalo zaparradak jaso dituzte parte hartzaileek, eta lehen aldiei begira jarrita, Meaka konpainia estreinatu da hilaren 30ean. Hamahiru izan dira Maite Bergara jeneralaren atzetik joan diren konpainiak. Bergararen azken urtea izan da aurtengoa, eta hori dela eta, disfrutatzeko deia egin die lau urteren ondoren gaur kargua utziko duten alardeko kideei.
Udaletxeko balkoiko irudia errepikatu egin da hirugarren urtez eta Irungo udal gobernuak harrera egin dio Alarde publikoari. Bertan zegoen Cristina Laborda alkatea (PSE-EE), baita Gorka Alvarez EAJren udal bozeramailea ere. Udalbatzako gainerako zinegotziak ere bertan ziren, eta haien alboan jarduneko Ararteko Ines Ibañez de Maeztu eta Emakundeko zuzendaria Miren Elgarresta.
Urtero bezala Irungo Alarde parekideak eskaera egin dio udalari hark antola dezan festa publikoa, eta orain arte erantzunik jaso ez badute ere, aurten udalak lehen aldiz gaiari buruzko adierazpen publikoak egin ditu. Ezezkoa jaso du alardearen batzordeak, inolako arrazoirik gabe, juntak salatu duenez. Udalarekiko presioa gero eta agerikoa den arren, alkateak hitzez hitz errepikatu ditu urteroko adierazpenak, eta Alardea bizitzeko bi modu daudela, eta biak legalak direla argudiatu du.
Jarraian, HITZAk jaso dituen hainbat erreakzio eta balorazio:
Cristina Laborda (alkatea): “Hiriaren egun handia da, eta atsegin handiz bizitzen ari da. Alkate moduan espero du festak errespetuz eta bizikidetzaz jarraitzea, Alardea bizitzeko bi moduetatik. Irunen Alardea bizitzeko bi modu daude, eta biak legalak dira”.
Miren Elgarresta (Emakunde): “Alarde berdinzaleari babesa erakutsi nahi diot eta argi dago emakumeek eskubidea dutela jaietan berdintasunean parte hartzeko. Gizonek dauzkaten baldintza berdinetan. Azpimarra jarri behar da egindako urratsetan, azkeneko urteetan emandako aurrerapausoetan, eta horiek egonkortu egin behar dira. Horretarako elkarrizketarekin, akordioekin eta lankidetzarekin jarraitu behar da, berdintasunaren bidean segitzeko. Gizarteak egiten digun eskaera da, eta tradizioetara ere berdintasuna zabaltzea eragiten du”.
Ines Ibañez de Maeztu (Jarduneko Arartekoa): “Beste urte batez alarde bakarra egotearen helburuarekin nago hemen. Arartekoa hona dator Irungo Alardea erreferentea delako emakumeen berdintasunerako, eta horregatik gaur babesa erakutsi nahi diet Alardean parte hartzen duten emakumeei. Ez dut ahaztu nahi urte osoan zehar lanean dabiltzan gizon eta emakumeak, traba guztiak gainditu, eta eskubide hau eskubide izan dadin”.
Maddalen Iriarte (EH Bildu): “Alarde parekidea babestera etorri gara, pozik gaude jende andana ikusi dugulako, eta urtez urte plaza hau gehiago betetzen delako. Aldarrikapen bat egitera ere etorri gara, Alarde parekideak egiten duena: Alarde publiko eta parekide bakarra behar duela Irunek eta bai gure herriak. Ez dut uste naturalizatu daitekeenik sentsibilitate ezberdinen araberako bi Alarde egotea, iruditzen zait ekidistantzia horrek ez duela balio, berdintasuna denen eskubidea delako, eta eskubide horren izenean Alarde publiko eta bakarra aldarrikatzen dugu”.
Miren Etxebeste (Podemos): “Berdintasunean parte hartzen ari gara, eta baita hori aldarrikatzen ere. Festa eta berdintasuna bateragarriak dira, eta beste behin bat egiten dugu Alarde parekidearen eskakizunarekin. Udal gobernuari eskatzen diogu antola dezala Alarde parekide bat, denontzat. Tradizioak eskatzen duena da duela 30 urte bezala egitea. Lege guztiek hau eskatzen dute, eta geratzen dena da EAJk eta PSE-EEk eskakizun hau onartzea. Egungo Alarde parekidea handia da eta antolatuta dago. Lidergoa hartu behar du udalak”.
Berdintasun plana
Irunek ez du egun Berdintasun Planik. Bosgarrena idatzita eta Emakunderi emana zegoenean, Emakundek hainbat proposamen egin zizkion udalari Alardearen auzia ere planean jasota egon zedin, eta auzi honetan ere berdintasunera bidean urratsak finka zitzan. Udalak ez zituen aldaketa horiek onartu, eta gaur-gaurkoz planik gabe dago udala.
Miren Etxebeste zen orduko Berdintasun ordezkaria, eta bi urteren ondoren gabezia hau ikusita salatu du EAJk eta PSE-EEk nahiago dutela herria planik gabe utzi, neurri bat jaso baino. “Herritarrekiko konpromiso eza, berdintasunarekiko konpromiso eza frogatzen du egoera honek. Osoko bilkurara eraman dezatela berdintasun plana”.
Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi du berdintasuna “erreminta funtsezkoa” dela benetan herri batean berdintasunaren alorrean aurrera egiteko, eta eskatu du gaindi ditzatela plana onartzeko behar diren elementuak. Hori hala izan dadin prozesu bat ireki behar dela iritzi du Elgarrestak. Halaber, prozesu bat galdegin du Alardea publikoa eta herrikoia izateko. Uler daiteke Hondarribiko Udalak ekin dion bideari eusteko proposamena egin diola Emakundek Irungo Udalari.