I. Emaion! pala txapelketan, Lili eta Lorea garaile
Lehenengoz antolatu du Atxiki pilota klubak 'Emaion!' txapelketa, eta badituzte, dagoeneko, irabazleak. Atzo amaitu zen lehiaketa.

Atxiki pilota klubak antolatuta, Emanion! I. pala txapelketaren finala jokatu zuten atzo Uranzu pilotalekuan. Atxikiko kide batzuen ustez ideia polita zen kurtso bukaerako txapelketa bat egitea; esan, eta baita egin ere. Izen ematea zabaldu eta segituan eman zuten izena zenbait jokalarik. Orotara 25 pertsonak hartu dute parte, eta hamaika bikote eta hirukote bat lehiatu dira.
Txapelketa fase ezberdinetan banatu dute antolakuntzakoek, baina lehia bera ez zen garrantzitsuena Atxikikoentzat, “helburua izan da ondo pasatzea eta elkartu eta jende berria ezagutzeko aukera izatea”, kontatu dute.
Jardunaldietan izena eman zutenean jokalariek, antolatzaileek bikoteak egin zituzten “maila ahalik eta orekatuen egon zedin”, eta “eskuinak eta ezkerrak zein ziren aintzat hartu gabe, taldean zeuden bi ezker bakarrak elkarrekin jarri genituen”, azaldu dute Atxikikoek barre artean. Eta, bitxikeria modura azaldu nahi izan dute, hain justu, Lorea eta Lilik irabazi dutela txapelketa; aipatutako bi emakumeak dira taldekide ezkerrak. Baita garaileak ere.
Atzo jokatu zituzten partidak, eta Idoia eta Lolo Zuraide eta Ainhoaren aurka lehiatu ziren lehenbizi arratsaldea girotzen hasteko. Talde argazkia atera zuten gero, eta 18:30ak aldera hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten; Ane eta Amaia Alaitz eta Aneren aurka lehiatu ziren norgehiagoka horretan.
Azkenik, txapelketako finala iluntzeko zazpiak eta laurden aldera jokatu zuten, eta partida horretan Lili eta Loreak osatutako bikoteak jokatu zuen Jaione eta Garaziren aurka; lehen bikoteak irabazi zuenez partida, Lilik eta Loreak irabazi dute txapelketa.
Jarraian, Atxiki pilota klubak HITZAri helarazitako zenbait irudi.