«Nire abestiak nahi edo nahigabe aktibismoa dira»
Identitatearen trantsizio garaian hasi zen musika eta irudiak bere kabuz ekoizten artista behobiarra. Egun, lau abesti eta bideoklip sortu ditu. Industrian ere aritu da, eta bertako hierarkia eta bizitu duen transfobia salatu ditu.

Irudia, musika eta espektakulua dira Julene Queen-en arte esparruak, eta oso gaztetan ekin zion bere kabuz ekoizteari eta oholtza gainera igotzeari. Zehazki, identitate trantsizio garaian hasi zen, eta bere lanen gaiak aldatu egin dira haren autoestimuaren arabera.
Nor da Julene?
Julene Zaballa naiz, eta nire izen artistikoa, berriz, Julene Queen da. 22 urte ditut eta Irungo neska trans bat naiz. Espektakuluaren eta musikaren munduan ibiltzen naiz nire aisia denboran, tristeki ezin dudalako modu profesionalean jardun. Hobby bat da, baina baita lana ere. Musika konposatzen dut eta bestelako ikus-entzunezko proiektuak egiten ditut.
Noiz hasi zinen sortzen eta zein motibaziorekin?
Musika idazteko anbizioa betidanik eduki dut, 16 urtetatik oroitzen naizenez. Garai hartan konfinatuta egon ginen eta musika babeslekua izan zen niretzat, oraindik ez nintzelako armairutik irten eta ez nintzen emakume gisa aurkezten ere. Musikaren bidez soilik espresatzen nintzen libreki. Orduan, afizio hau garatu nuen eta gaur egun, poliki-poliki, nire ogibidea da.
Orain arte lau abesti eta bideoklip kaleratu dituzu. Denak zure kabuz ekoiztutakoak.
Guztiz auto ekoiztutakoak. Lantaldea nik sortu dut; hori izan ohi da egiten dudan lehen urratsa musika ekoizpenetan. Gero, estudio bat lortzen dut, ekoizle bat, eta haien esku uzten ditut hainbat zeregin. Lagun trabesti bat izan da azken abestia ekoiztu duena, eta ahotsari dagokion konponketa guztiak egiteko konfiantza osoa izan dut berarengan. Zaila da eroso egoteko lantalde bat topatzea. Baina, beno, proiektu bakoitzean pertsona ezberdin batekin egin dut lan. Lan egin dudan azken ekoizlearekin da erosoen izan naizena.
Sentitu izan dut ikasketak egin nituen eskolako kideek ez zutela nik bezainbesteko inplikazioa eta motibazioa nire proiektuekiko. Niretzat oso garrantzitsua da abestiak aurrera egiten duen heinean kantuen garapenerako motibazioa eta inplikazioa.
Musikaren industrian, transfobiarik al da?
Ikus-entzunezkoen industrian baietz esango nuke. Transfobia baino, klasismo asko dagoela ikusi dut. Estatus asko. Hierarkia asko. Emakumea naiz eta jende askok baino prestakuntza eta esperientzia gehiago dudala uste dudan arren, jende askoren itzala naiz, soilik emakumea naizelako eta kito. Nire lana ez da baloratzen. Nire lana beste zerbait kaskarragoaren azpitik dago, lan kaskarragoa egin duenak pribilegio sozial altuagoa duelako eta haren lanak onarpen handiagoa izan duelako.
Era berean, diskriminazio positiboa dagoela uste duzu?
Bai, badago diskriminazio positiboa, eta batez ere grabazioetan, industriaren munduan, eta ez autogestioan. Eusko Jaurlaritza emakumeen parte hartzea sustatzen ari da nagusiki goi karguetan: zuzendaritzan, ekoizpenean… Emakumeen lanak finantzatzea ongi iruditzen zait, baina konnotazio kapitalista du horrek, emakume izateagatik dirua ematen dutelako. Nire ustez finantzazio horien helburua ez da emakumeak kargu horietan egotea, baizik eta artista emakumeek gastuak aurreztea eta proiektua aurrera eraman ahal izatea. Hipokrita da. Laguntza horiek, gainera, ez dute inolako jarraipenik.
Emakumeek beren lekua izan dezaten, zer eskatzen diozu erakundeei?
Lanerako segurtasun protokolo gehiago behar dira prebenitu ahal izateko jazarpen sexualak eta misoginia. Ohikoena jantzien atalean emakumeak ikustea da, baita akaso zuzendaritza postuetan ere, baina, adibidez, soinuaren eta irudiaren sektoreak oso maskulinoak dira. Hori da behintzat nik ikusi dudana. Batzuk saiatzen dira irudi hori ez dela horrela saltzen, baina orain queer zuriketa oso modan dago ere zinema produkzioetan, eta gure borrokaz jabetzen ari dira tendentzia gisa tratatuz.
Esperientzia hori izan duzu?
Bai. Netflix enpresarentzat praktikak egin ditut eta nire lan esperientzia okerrenetarikoa izan zen. Emakume transa izateagatik gutxietsia sentitu naiz, mespretxatuta. Estereotipatua sona dezake, baina lan praktika horietan droga erosteko zeregina jartzen zidaten. Ez ninduten ezertaz ezagutzen, baina neska transa naizela zekitenez, nire bizitza drogaren munduarekin lotu zuten. Marjinatu egin ninduten eta erabilia sentitu nintzen.
Lau bideoklip dituzu jada eta horietako batzuk Behobian grabatu dituzu. Aipatu duzun droga edota prostituzioaren estereotipoengatik da ezaguna auzoa. Nahita hautatutako kokalekua izan da?
Hasteko, Behobian grabatzea hautatu izan dut nire auzoa delako. Behobiakoa naiz, eta bertako mundua oso barneratuta dut. Bideoklipetan Behobia agertu denean erakutsi nahi izan dut besarkatu egiten dudala auzokoa izateak atzean duen guztia. Aldi berean, Behobiako neska trans bat naizelako ez naizela prostituta ere esan nahi izan dut. Hori bai, modu artistikoan esan nahi izan dut.
Nire azken abestietako bateko letra polemikoa izan da; bazirudien Israel babesten ari nintzela edo… Letrak honako hau esaten du: zuk sexua nahi duzu, nik, berriz, dirua. Orduan, jendeak ja pentsatu du ni prostituta nintzela eta hortik doala letra. Eta, bai, onartzen dut esaldia oso alderdikoia dela, baina nik esan nahi dudana izan da gizon basiko bat sexuan pentsatzen ari den bitartean, erlazionatzen duelako sexua arrakastarekin gizarteak hori sinetsarazita, ni nire negozioei begira nagoela. Hori da esaldiaren asmoa, eta ez sexu zerbitzu batengatik kobratu nahi dizudala. Jolastu egin dut. Bere buruan mugak dituenak aipatutako azken moduan interpretatuko du, eta nire asmoa izan da adieraztea arrakasta edukitzeko ez dudala buruan sexu asko izatea bezalako hain ideia hutsalik.
Aurtengo hilaren 28an Irunen izango al zara?
Galiziako Santiago de Compostelara joango naiz ekitaldi batean parte hartzera, bertan kontratatu gaituztelako. Taberna batean izango da, baina ekitaldiak polemika piztu du, eta oraindik ez dakit egingo den. Lagun aktibista batek antolatutakoa da, eta kartelean bera ageri da biluzik, ortzadarraren banderak estalita. Venus jainkosa irudikatzen du, eta idatzi du erabakimen librearen ama birjina dela. Talde katoliko batzuk mehatxatu gaituzte, eta egotzi digute errespeturik gabekoak izatea. Uste dute haien ama birjina dela irudikatutakoa, eta nik esaten diet, kateta! Venus jainkosa da! Ez gara inondik inora haien erlijioarekin sartu, eta sartu izan bagina ere, zer gertatzen da?
Eskuin muturreko eta katolikoak diren taldeetan mezu islamofoboak ez al dituzte zabaltzen? Biktimarena egiten ari dira, eta kasu honetan probestu nahi dute guri, LGTBIAQ+ kolektibokoei, egozteko katolizismoari errespetua faltatu diogula eta horrela haien gorrotoa justifikatu nahi dute. Uste dut kartel horrek berak Euskal Herrian ez zuela polemika eragingo. Hara iristen naizenean espektakulu oso lizun bat egingo dut, benetako polemika sortzeko, oihartzuna izan dezan, eta haiei arrazoia emateko: minduta zaudetela? Honek bai minduko zaituztela.