Ikusgarritasunean ikusgarri, Cariñena
Josu Cariñena Arbelaitz jende askorengatik Hazia tabernako kudeatzaile moduan da ezaguna, baina 45 urteko militantzia ibilbidea utzi du atzean. Nagusiki, LGTBI+ pertsonen ikusgarritasunaren defentsan aritutakoa da.

Otsailaren 10ean zendu zen Josu Cariñena Arbelaitz LGTBI+ eskubideen aldeko eta ezker abertzaleko militante izandakoa, eta Hazia herriko taberna 22 urtez kudeatu zuena. Bizi zuen gaixotasunak 2018an ostatua uztera behartu zuen, eta militantzia alde batera utzi bazuen ere, aktibismoan beti jarraitu zuen, hau da, deialdietara joanez eta mugimendu feministari babesa erakutsiz. Borrokan «bukaerara arte» aritutakoa eta militante «konprometitua» izan zela oroitu du Irungo ezker abertzaleak.
Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kidea izan zen (EHGAM) 1979tik 1999ra, eta ondoren beti mugimenduarekin harremanetan jarraitu zuen. Cariñena gay gisa bere burua definitu zuen Irungo udalbatzako lehen zinegotzia izan zen, Herri Batasuna alderdia ordezkatuz. Zinegotzi lanetan bi agintaldiz aritu zen, 1987 eta 1991 urteen artean, eta 1991 eta 1992 urteen artean. ASK eta BAEko kidea ere izan zen. BAE Irungo Alardean emakumeen parte hartzearen aldeko mugimendua izan zen, eta Alarde Parekidearekin konpromiso sendoa izan zuen beti. Su Txikian mugimendu feminista sortu zenean ere beti alboan izan zuten.
Haren ingurukoen arabera, «beti borrokarako prest» egon zen, eta gaixotasunak uzten zionean euskal preso politikoen eskubideen aldeko Azken Ostiraletako elkarretaratzean izaten zen. Era berean, konpromiso handia zeukan Palestinaren askatasunaren mugimenduarekin, eta azken urteetan, Bidasoko osasungintza zerbitzuak hobetzeko borrokarekin bat egin zuen. Txingudiko Pentsiodunen deialdietan ohikoa zen haren presentzia. Bestalde, Karrika Nagusian zegoen Txurrumurru arropa dendaren jabe izan zen ere.
EHGAMeko militantzia
Zinegotzi izan aurretiko garaietan, 1970eko hamarkadaren hondarrean, Moskuko larunbatetako azokan ezagutu ziren Juantxo Quiroga eta Cariñena, eta azken horrek EHGAMen sartzeko gogoa adierazi zion. Cariñenak lehen urratsak EHGAMen egin zituenetik azken hatsa hartu zuen arte bere alboan izan zen Quiroga, militante komunista eta LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko ekintzaile irundarra. Elkar ezagutu zirenean EHGAMen «militante aktiboa» izan nahi zuela adierazi zion Cariñenak, eta konpromisoa bete zuen.
Donostian elkartzen ziren garai hartan, baina Irunera gerturatu zuten mugimenduaren jarduna. 1980ko udaberriko Gay hotsa (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduaren Agerkia) izeneko aldizkariaren bosgarren alean jaso zuen Cariñenak 1980ko martxoaren 20an Irungo Udaleko areto nagusian egindako EHGAMen aurkezpenaren kronika: «Arrakasta handia izan duen aurkezpena izan zen publikoaren aldetik, kontutan hartuta zein ekitaldi zen eta ikusita latitude hauetan bizi direnen pentsamoldea zein den. Aretoa jendez lepo zegoen, eta lurrean eseri behar izan zuten batzuek. Aurkezpena hizketaldi bat bilakatu zen, atsegina, arina eta txalo zaparradarekin bukatutakoa». Irungo EHGAM zen baliatzen zuen sinadura. Aurkezpen horretan udaletxeko balkoian eta Irunen zehar bi kartel jartzeko «atrebentzia» izan zuten: Askatasun sexuala eta Ghettorik ez!
Cariñena LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko borrokan Irunen «erreferentea» izan dela uste du Quirogak, eta nabarmendu egin du udalbatzatik kolektiboaren «ikusgarritasuna» lortzearen alde egin zuen lana. LGTBI+ kolektiboko kide batek sanmartzialetako pregoia jotzeko proposamena egin zuen Cariñenak, edo hitzaldiak antolatzeko lana ere egin zuen, esaterako. Proposamen horien asmoa beti erdigunean zuten «ikusgarritasuna» zela oroitu du Quirogak. Cariñenak bere hitzartzeetan eta egunkarietan idazten zituen zutabeetan LGTBI+ kolektiboko pertsonak «iraultzaileak» zirela adierazi izan zuen, haien kontrako jazarpenarekin bukatzea eskatzen zutelako toki guztietan, baita gerora Cariñena berak udaletxean ere.
1982an LGTBI+fobiarekin bukatzeko «aurrera egitea» besterik ez dagoela idatzi zuen Cariñenak, eta horretarako homosexualitateari lotutako gaiak «irakurtzea, ikastea eta ezagutzea» eskatzen zuen, hori ere kultura dela aldarrikatuz. «Eskubide bat delako eta baita eginbehar bat; kultura falta zapalkuntza delako; solidaritatea ikasi behar delako, askatasunerako jakintza izan arte», idatzi zuen. Hautsi kolektiboaren izenean sinatzen zuen (Ezkerra Hausten Duten Emakume eta Gizon Homosexualen Taldea).
Quirogaren arabra,1980ko hamarkadan mugimendu homosexualak ez zuen erreferenterik. «Garai hartan 1969tik ezarri zen Gay Harrotasunaren Eguna zen genuen erreferentzia bakarra. Kaleak hartu behar genituen, ikusi egin behar gintuzten, oinarrizkoena zelako ikusgarritasuna», berretsi du Quirogak.
Banderaren borroka
Ikusgarritasuna lortu bidean, sinboloak erakustearen borrokan ere aritu zen Cariñena. Irungo Udalari 1993an ortzadarraren bandera entregatu ziotenetako bat izan zen, Quirogarekin batera. Eskaera garbia zen: Irungo udaletxean bandera hori zintzilikatzea hilaren 28an. Udalak uko egin zion urte askoan eskari horri, eta Ospitale Zaharrean jarri izan zuten.
Geroago, 2016an, bandera berri bat entregatu zion Cariñenak udalari. Elkarretaratzea ere egin zuten; urte hartakoa azkena izan zen. Aldarria, Hautsi mugak! Gora askatasun sexuala! Baina orduan ere uko egin zion udal gobernuak zintzilikatzeari. Quirogak esan du udaletik adierazten zietela «bandera ofizialak» soilik zintzilikatuko zirela jaietan. «Baina Real Unionek zerbait irabazten bazuen data horietan, hortxe jartzen zuten haiena», salatu du Quirogak. Azkenean, 2018an egin zion jaramon eskaerari Irungo udal gobernuak, eta udaletxean zintzilikatu zuten ortzadarraren bandera.
Dena den, EHGAMetik triangelu arrosaren alde egiten zutela adierazi du Quirogak, ortzadarraren banderaren gainetik. Labur azalduta, triangelua nazien kontzentrazio esparruetan gay-ak identifikatzeko baliatzen zuten, eta hura aldarri eta bandera gisa eramatearen alde zeuden. Izan ere, ortzadarraren bandera Israelen ere erabiltzen da, eta kritikoak dira horrekin. «Tamalez, ortzadarraren bandera da arrakasta duena», deitoratu du Quirogak. Urtero Hazia herriko tabernan zintzilikatzen zuen Cariñenak bere bandera: ortzadarra eta haren gainean triangelu arrosa. Orain, ondare gisa utzi du bandera Cariñenak, eta bihar Peña kalean 22:00etan egingo dioten omenaldian presente egongo da.