Ainhoa Etxaide: "Gozatu nahi duzuen erabakia hartuta ere, horretara etorri garelako".
LGTBI+ Eguneko pregoia eman du Ainhoa Etxaide hondarribiarrak. Kolektiboaren eskubideengatik borrokatu duten guztiei eskerrak eman eta urratsak ematen jarraitzera animatu ditu herritarrak.

Fenomena elkartearen urteetako lana aintzat hartuz, aurten, lehen aldiz, Hondarribiko Udalak bere gain hartu du LGTBI+ Eguna antolatzeko ardura. Bihar da LGTBI+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna, baina hondarribiarrek gaur izan dute hura ospatzeko eta aldarrikapenerako eguna.
Hondarribiko alde zaharraren bihotzean bildu dira herritarrak, Arma Plaza Fundazioko balkoiaren azpian. Txalo zaparrada artean irten da Ainhoa Etxaide, haren senideez lagunduta, eta hiruen artean harrotasunaren bandera zabaldu dute.
Mikrofonora hurbildu, eta, ezer baino lehen, Josu Cariñena Arbelaitz LGTBI+ eskubideen aldeko eta ezker abertzaleko militante izandakoaz gogoratu da pregoilaria. Urtarrilean zendu zen Cariñena. Lagun mina zuen Etxaidek, eta pregoian irundarraz gogoratzeko tartea izan izana zinez eskertu du. “Josu, hau zuregatik! Pilo-pilo botatzen zaitugu faltan” adierazi du Etxaidek.
Ekainaren 28a sexu aukeraz harro daudela esateko eguna izatez gain, hori egitea errealitate bihurtzeko borrokatu duten pertsonei “zein harro gauden” esateko eguna ere badela esan du pregoilariak. Cariñenaren borroka gogorarazi, Fenomena elkarteak LGTBI+ Eguna Hondarribira ekarri izana balioan jarri eta Hondarribiko Udalak aurten lehen aldiz bere egin duela goraipatu du. “Gaur da eguna harro egonez urrats txiki bat gehiago eman duguna. Txikia baina beti aurrera. Korrika egiteko lemixi ibili egin behar delako”.
Hala ere, gizartean pauso txikiak ematen ari diren arren, kolektiboan kezkatzeko arrazoiak ere badituztela esan du Etxaidek: “Homosexualek, emakumeek bezala, gehiegi aurreratu dugula dioten ahotsak gero eta ozenago entzuten dira; eta ez da eskuin muturrera joan beharrik eskubide gehiegi ditugula esaten duten horiek aurkitzeko, berdintasun gehiegi dagoela diotenak. Hori esatea libre dela diote. Baina ez, faxista izatea ez da libre, ez da aukera bat!” oihukatu du.
Baina kezkatuta baino gehiago “nazkatuta” daudela adierazi du segidan. “Nazkatuta gaude homosexualei erasotzea doakoa dela ikusten ari garelako, marikoi terminoa iseka egiteko erabiltzen delako, baita umeek ere. Eta umeek norbaitengandik ikasten dute” deitoratu du. Horren aurrean ezetz esateko unea dela aldarrikatu du: “Egin urratsak eta ezetz esan; ez gara gu izango ezkutatzen garenak”.
Azken horren harira, lesbianak, gayak, transexualak, queerak… direla esatera animatu ditu kolektiboko kideak: “harro gaude, eta ez da ezer pasatzen esateagatik. Zenbat eta gehiago esan beudekeri gutxiago entzungo zaie. Zenbat eta altuago esan beudek geroz eta leku gutxiago izango dute. Beraz, gozazia lesbiana izateaz, gozazia nahi duzuen erabakia hartuta ere eta disfrutazia, horretara etorri garelako”.
Azkenik, emozio handiz, bere amari eskerrak eman dizkio Etxaidek. Segidan, Jawata Anti DJ-ak hartu dio lekukoa, eta plaza osoa dantzan jarri du.