Adierazpen instituzionala kaleratu dute udalbatzako ordezkariek
LGTBI komunitatearen egunaren biharamunean hartu dute hitza udalbatzako kideek. Eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatu dituzte.

LGTBI komunitatearen eguna da biharkoa eta Irungo udalbatza osatzen duten alderdi guztiek adierazpen instituzional bateratua kaleratu dute.Horrez gain, ortzadarraren bandera berria zintzilikatuko dute udaletxean. Bandera honetan marroi eta beltz koloreak ere erakutsiko dituzte, arrazen sinbolo gisa. Kolore arrosak, urdinak eta zuriak trans pertsonak ikusaraziko ditu. Triangelu horia eta zirkulu morea ere baditu, pertsona intersexualei ikusgarritasuna emateko.
Kolektibo honetako pertsonen eskubide eta bizikidetzaren konpromisoa berretsi dute eta bide horretan lortutako aurrerapenak ospatu dituzte. “Jardunaldi hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada”, adierazi dute.
Injustizien aurrean ahotsa altxatzea “funtsezkoa” da udalbatzarentzat eta g izarte bidezkoago, inklusiboago eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzen du. Aurrera egiteko eta aldaketa erreala izan dadin, ekintza kolektiboa behar dela azaldu dute. Aldaketa “sakon eta iraunkorra” izango da horrela, norbanakoaren konpromisotik abiatu eta politika publikoetaraino.
Azken urteetan sexu eta genero aniztasunaren onarpena handitu egin dela uste du Irungo Udalak eta aurrerapen hau hainbat pertsona, elkarte, erakunde eta kolektiboren “lan konprometituari” esker izan dela aitortu dute. “Prozesu honetan euskal gizarteak erakutsi du gai dela aurrera egiteko, oztopoak hausteko eta guztiontzako askatasun eremuak irekitzeko”.
Herritar guztiak deitu dituzte sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldietara. “LGTBIAQ+ pertsonen eskubideen defentsa eta sexu eta genero aniztasunaren aldeko borroka irundar gizartearen identifikazio elementu izan daitezen”.