Hondarribian euskaraz bizitzeko diru laguntzak berritu ditu udalak
Hondarribiko iruditeria euskalduntzeko eta herritarrek euskaraz aritzeko laguntzak dira udalak aurkeztu dituenak. Uztailaren 1etik irailaren 15era bitarte eskatu ahal izango dira.

Hondarribiko Udaleko euskara sailak urteroko diru laguntzak berritu ditu. Hondarribiko iruditeria euskalduntzeko eta herritarrek euskaraz aritzeko laguntzak dira honakoak, herrian euskararen normalizazioa helburu. Laguntza horiek uztailaren 1etik irailaren 15era bitarte eskatu ahal izango dira.
Prozesu administratibo bat egin ondoren, bost diru laguntza lerrotik sei izatera igaro da euskara saila, eta zituen bost lerro horietako hirutan aldaketak egin dituzte. Horren isla zuzena da udalak 10.000 euro gehiago bideratuko dituela euskararen normalizazioa bultzatzeko lerroetara; guztira 47.600 euro.
Hezi euskaraz da udalak sortu duten diru laguntza lerro berria –2025eko aurrekontuetan 5.000 euro gorde zituzten lerro horretarako–. Euskara biziberritzeko eta transmisioa gertatzeko nerabeak eta haurrak oso garrantzitsuak direla adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak aurkezpenean. Horregatik, nerabe eta haurrek “euskara jaso eta euskaraz bizitzeko aukera zabaltzeko” garrantzitsua da kirol eta aisialdi jardueretan euskarazko entrenatzaile eta begiraleak izatea.
Zentzu horretan, begirale eta entrenatzaileak euskaraz presta daitezen bultzatzeko Hezi euskaraz diru laguntza lerroa sortu dute. 2025ean ardura horiek hartzeko ikastaro homologatuak euskaraz egin eta bukatu zituztenei matrikula gastuaren %50a itzuliko die udalak (gehienez 250 euro). Lekuonak azaldu duenez, Hondarribian erroldatutako norbanakoez gain, herrian erroldatutako elkarte, erakunde eta taldeek ere eska ditzakete laguntzak. Eta Hondarribian erroldaturik ez, baina jarduna Hondarribian gauzatzen duten horiek ere eska ditzakete.
Orain arteko lerroetako aldaketak
Ikasi euskara deituriko diru laguntzari esker, lehen aldiz doakoa izango da euskaraz ikastea –Orain arte gehienez %75a ordaintzen zuen udalak–. Diru laguntza hau eskatu dezakete euskalduntze, alfabetatze ikastaroak egin dituzten 16 urtetik gorako herritarrek, eta autoikaskuntza ikastaroak, barnetegietan ikastaroak edo unibertsitateek udal euskal kulturari buruz antolatutako ikastaroak egin dituztenek. Beti ere %80tik gorako aprobetxamendua eta asistentzia izan duela ziurtatzen bada.
Udalaren ekarpena gehienez 600 eurokoa izango da, udal euskaltegiaren tarifetan oinarritu direlako. Euskara ikastea doakoa izateko 5.000an handitu dute diru laguntza honetara bideratutako aurrekontua. Lekuonak gaineratu duenez, iaz 78 hondarribiarrek jaso zuten honako laguntza.
Bistaratu euskara diru laguntza lerroaren bidez establezimenduetako errotuluez gain, lanerako ibilgailuen errotuluak ere euskaraz izatea lortu nahi da, horiek euskaratzeko laguntzak eskainiz. Errotulua euskara hutsean jartzen duenei %50eko diru laguntza emango die udalak (gehienez 400 euro), eta elebidun dutenei gastuaren %25a ordainduko zaie (gehienez 200 euro).
Azkenik, Nabigatu euskaraz diru laguntza lerroan irizpide aldaketak egin dituzte. Webguneak euskara hutsean dituzten enpresek %100eko diru laguntza jasoko dute (gehienez 500 euro), euskaraz gain beste hizkuntza batzuetan jartzen duten webguneei, berriz, %50eko diru laguntza eskainiko diete (gehienez 300 euro), eta euskara lehenesten ez bada, hau da, webgunera sartu eta lehen hizkuntza euskara ez bada, %25eko laguntza jasoko lukete (gehienez 150 euro).
Azken honen kasuan, udalak webgunearen 2 urteko jarraipena egingo duela zehaztu du zinegotziak, “aurreko urteetan ikusi dugulako aldaketak egon direla lanketak egiterakoan”. Era berean, .eus domeinua erosteagatik lehen urteko lizentzia osorik ordaintzeko konpromisoa hartu du udalak.
Diru laguntza honetatik kanpo geratuko diren webguneen ezaugarriei dagokionez, ezaugarri berri bat gehitu du udalak, berdintasun irizpideak txertatuz.
Aldaketetara zabalik
Etorkizunean aldaketak egitera zabalik daudela adierazi dute azkenik Euskara zinegotziak eta Ander Moronek (Euskara saileko zuzendariak). “Beti ere euskarari ahalik eta espazio gehien emateko eta normalizazio horretan laguntzeko”.
Hortaz gain, diru laguntzak modu erakargarriago eta errazago batean zabaltzeko asmotan, bi esku horri diseinatu dituzte. Esku horri berdean euskara sailak zabaldu dituen diru laguntza lerroei buruzko informazio xehatua ezarri dute, eta esku horri urdinean, berriz, jarduera ekonomikoko eta elkarteentzako diru laguntzak xehatu dituzte. Horiek Haizea Lekuonak diseinatu ditu.
Aurkezpena bukatzeko, Euskara saileko zuzendariak udalak testu laburrak euskaratzeko doako itzulpen zerbitzua duela gogorarazi du. Informazio gehiago Hondarribiko Udalaren webgunean eskuratu daiteke.