Beste 40 urtez "musikaren sustraiak hazten eta hedatzen" jarraituko du Xatz Abesbatzak
Kontzertu berezi batekin ospatu zuen Xatz Abesbatzak 40 urteko ibilbidea. 45 abeslari inguru bildu ziren Portuko elizan, egungo abeslariak eta izandakoak.

Iragan larunbatean, hilaren 21ean, ospatu zuen Xatz eskifaia abesbatzak haren 40. urteurrena. Kontzertu berezi batekin gogorarazi zituzten urte hauetan guztietan bizitakoak, lau hamarkada ez baitira egunero betetzen.
45 abeslari inguru bildu ziren Portuko elizan, egungo abeslariak eta izandakoak. Lehenik, abesbatzako kide direnek bederatzi obra abestu zituzten, eta ondoren, kide izandakoekin beste hiru obra eskaini zituzten, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean eta Iñaki Gezala pianistaren laguntzarekin.
Momentu hunkigarriena kontzertuaren amaieran bizitu zuten. Javi Busto zuzendari ohiak urteurrenerako bereziki konposaturiko obra estreinatu baitzuten: Abesbatzaren sustraiak deiturikoa. Obra Bustok berak zuzendu zuen.
Azkenik, presente zeuden abesbatzaren zuzendari izandako guztiei omenaldi txiki bat egin zieten.
“Urduritasunez eta emozioz” beteriko kontzertua izan zela azaldu dute Xatz-eko kideek, 40 urte horietan bidelagun izandako guztiei eskerrak eman eta musikaren sustraiak “hazten eta hedatzen” jarraitzeko gogoa eta asmoa berretsi zuten bertan.
Kontzertua bukatutakoan, guztiak elkarrekin, mahai baten bueltan elkartu ziren ospakizunari amaiera emateko.