Polinizatzaileen jolasa, Lapurriturrin
8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei begirakoa da eta uztailaren 12an izango da. Bihartik aurrera eman daiteke izena.

Irungo Udalak sustatuta, Lapurriturrin polinizatzaileen jolasa antolatu dute uztailaren 12rako (larunbata) 11:00etan. Jarduera honekin Lapurriturritik gertu dauden izaki bizidunak ezagutzera irtengo dira eta polinizatzaileen garrantzia nabarmenduko dute. 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei begirakoa da.
Oinez ibilbide bat osatuko dute eta bidean elkar lotuko dituzte izaki bizidunen irudiak eta izenak edota erlearen eta liztorraren arteko ezberdintasunak ikasiko dituzte.
Bukaeran, jolas dinamiko batekin errepasatuko dute hitz egindakoa. Txangorako gomendatu dute mendian ibiltzeko arropa janztea, hala nola, oinetako egokiak. Halaber, ura eta hamaiketakoa eramatea komeni dela azaldu dute.
Izena eman behar da parte hartzeko hilaren 26tik uztailaren 7ra bitartean. Horretarako, 010 telefonora deitu behar da edota udalaren orrialdean sartu.
Informazio puntua
Lapurriturriko informaziorako puntua udako asteburu, jaiegun eta zubietan zabalik egongo da, hilaren 1etik urriaren 31ra, 09:30etatik 13:30etara. Udaran zehar, jarduera tematikoak eskainiko dituzte, bertako inguruko balio historiko, kultural eta naturalak ezagutzeko asmoarekin.
Abuztuaren 16an fosilei buruzko tailerra egingo da; irailaren 13an, zuhaitza, gure laguna izenekoa; eta urriaren 11n, berriz, mikologia ezagutzeko aukera egongo da. Berrikuntza gisa, irailean edo urrian naturaren balioari buruzko jarduera antolatuko dute, Osinbiribileko eremuan. Inguruko hegaztiak ezagutzeko parada izango da.