LGTBIQ+ Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du udalak
Bizikidetza konpromisoa berretsi eta berdintasuna lortzeko egiteke dagoen lana gogorarazi du udalak.

Larunbat honetan LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta egun horri begira adierazpen instituzionala sinatu dute udala ordezkatzen duten alderdi guztiek (Abotsanitzek, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk).
Bizikidetza konpromisoa berretsi eta eskubide eta askatasunaren aitortzan lortutako aurrerapenak ospatu dituzte, berdintasuna lortzeko egiteke dagoen lana ahaztu gabe.
Aldi beream, injustiziaren aurrean “ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea” funtsezkoa dela adierazi dute, eta bat egin dute denentzat bizigarria izango den Hondarribia eraikitzeko lan egingo dutela esatean.
Azkenik, Hondarribiko Udalak hilaren 27an ospatuko duen LGTBIQ+ Egunera bertaratzeko gonbidapena luzatu diete hondarribiarrei, eta etorkizunean martxan jarriko dituzten LGTBIQ+ politika publikoetan parte hartzera eta horiek babestera gonbidatu dituzte. Ostiraleko ekitaldia 19:00ean hasiko da, Arma Plazan.
Adierazpen instituzionala
Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada.
Funtsezkoa da injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino.
Gaur harrotasunez esan nahi dugu denontzako bizigarria izango den Hondarribia eraiki nahi dugula, non pertsona bakoitza izan daitekeen eta bizi daitekeen armairurik eta loturarik gabe, aurreiritzirik, estigmarik eta beldurrik gabe. Baina badakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko. Babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBIQ+ eskubideen aldeko hitz bakoitza funtsezko urratsa da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.
Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko deia baizik. Hondarribiako Udalak eskubideekin dugun konpromisoa berresten du, eta herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto- diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Berdintasuna eta askatasuna ezin dira negoziatu.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBIQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztien erantzukizuna dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea, ozen esan nahi dugu LGTBIQ+ -fobiak ez duela gure herrian tokirik. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen.