Jaizubiako paduretako 2,5 hektarea berreskuratze bidean da aldundia
Ekainean hasi dituzte Jaizubiako errekako arroaren inguruko 2,5 hektarea lehengoratzeko lanak. Bertako flora eta faunari mesede egiteaz gain, uholdegarritasun tasak 2 zentimetro behera egitea ahalbidetuko dute lanek.

Jaizubiako padura kontserbazio bereziko eremua da, Ramsar hitzarmenaren barruan dago –Nazioarteko Garrantzidun Hezeguneei Buruzko Hitzarmena– eta hegaztien babeserako eremu bakarra da Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritza duela 30 bat urte hasi zen Jaizubia errekaren arroan leheneratze lanak egiten. Eremua desjabetu eta berriro padura izaera berreskuratzeko esku hartzeak abiatu zituzten. Duela 25 urtetik ordea, lan horiek geldirik egon dira.
Gaur goizean “aspaldi utzitako” lan horiei ekingo diotela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azalpenak Beko Errota inguruan bildu dira Eider Mendoza ahaldun nagusia, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta Aitor Lekuona aldundiko Basa animali eta Landareen zerbitzu burua. Next funtsei esker (785.471 euroko inbertsioa) Jaizubia errekako arroaren inguruko 2,5 hektarea berreskuratuko dituzte.
Lanak ekainean hasi zituzten eta urrirako amaitzea aurreikusi dute. Zehazki, lur mugimenduak egitea izango da lan horien muina, “bertako fauna eta flora berreskuratzeko”. Mareen dinamika naturala eteten duten munak eta klapetak kenduko dituzte. Munak lur pilaketa handiak dira eta itsas goran ur gaziaren sarrera saihesten dute. Klapetek, berriz, itsas beheran euri ura ateratzea ahalbidetzen zuten. Era horretan, urte luzez lurra lehortu eta landa eremu bilakatu ziren Jaizubia errekako arroaren inguruko padurak.
Azken urteetan ordea, munak apurtzen eta hondakinak pilatzen joan direla azaldu du Basa animali eta Landareen zerbitzu buruak: “Landarediaren artean trailer bat botata aurkitu genuen, barku bat botata, gasolina depositu bat, zaborra, garbigailu bat… eta hori guztia babestutako natur-gune batean. Natura eremua lehengoratzen saiatzen zen, baina kutsadura puntu handiak zeuden”. Esku-hartze honen bidez eremua garbitzea eta naturak bere habitata berreskuratzea ahalbidetuko du.
- Munak lur pilaketa artifizialak dira
Uholdegarritasunari mesede
Aldi berean, obrak hasi aurretik burututako ikerketa hidraulikoak, Mendelu eta Amute-Kosta eremuko uholdegarritasunari mesede egingo diola ondorioztatu duela azaldu du Lekuonak: “Halako obrak egiten diren aldiro ikerketa hidraulikoak egiten dira, 2,5 hektarea ez da eremu oso handia, baina eremu honi esker uholdegarritasuna bi zentimetro jaistea eragingo du”.
Honakoa “gutxi” izango dela ohartarazi duen arren, etorkizunean egin asmo dituzten esku hartzeei esker uholdegarritasun kota are gehiago jaisteko gai izango direla jakinarazi du.
San Pablo padura da hurrena lehengoratzea aurreikusi duten eremua, eta hori gauzatzeko duela zenbait hilabete Natur kontserbaziorako LIFE hezeguneen programara aurkeztu zuten proiektua. Iragan astean onarpena jaso zuten, eta bereaz, “ondo bidean”, 1,4 milioi euro jasoko lituzke aldundiak lan horiek gauzatzeko.