Amuteko kirol gunean esku hartze bat egin du udalak
3x3ko kantxa bat birmoldatu eta eta argiak domotizatzeko lanak egin dituzte. Azken horri esker "energia asko" aurreztea lortuko du udalak.

Hondarribiko Udalak Amuteko kirol gunea berritzeko lanak egin ditu. Batetik, hiru saski zituen kantxa birmoldatu eta 3x3ko kantxa bat eraiki dute. Eta bestetik, argiak domotizatzeko lanak egin dituzte.
Azken hori udal brigadako langileek egin dute. 7.000 watio kontsumitzen zituzten sodiozko argiak kendu eta horiek 3.000 watioko kontsumoa duten led argiengatik ordezkatu dituzte. Gainera, KNX instalazio domotikoa egin dute, hau da, pertsonak bertan daudenean bere gisa erregulatzen da. Instalazio hori lau eremutan ezarri dute: pilotalekuan, futbol kantxan, saskibaloi kantxan eta mahai-jokoen eremuan.
Horri esker, “energia asko” aurreztea lortuko du udalak; izan ere, ilun dagoenean eta inor ez dagoenean, argiztapena %20ra murriztea lortuko dute. Aldiz, instalazioak jendea detektatzen duenean, argiztapena % 100era jarriko da.