Hondarribiko traineruak denboraldiari ekiteko prest dira
Aurkezpenaren ondoren Meakako Adixkideak Dantza Taldeak saioa eskaini eta Arraun Elkarteko patroiek alkatearekin eta udal zinegotziekin batera sua piztu zuten.
San Joan egunaren bezpera izan zen atzo eta urtero lez, Hondarribia Arraun Elkarteak dituen hiru eskifaien aurkezpena egin zuen. Banan banan deitu zituzten arraunlariak Kai Zaharrean ezarritako eszenatokira eta talde bakoitzeko entrenatzaileek denboraldiari nola helduko dioten azaldu zuten.
Mikel Orbañanosek gidatzen du gizonezkoen A ontzia, eta ezer baino lehen bertaratu ziren herritarrei eskerrak eman zizkien aurkezpenera hurbildu izanagatik. Ondoren, Eusko Label ligako bigarren txandan ahalik eta hoberen ibiltzen saiatuko direla adierazi zuen, eta zenbait momentutan lehen txandan sartzeko gai izango direla sinesten duela.
Emakumeen ontzia, berriz, Iker Cortesek zuzentzen du, eta aurtengo negua gogorra izan dela onartu zuen. Gazte mailako zenbait arraunlari igo diren arren justu ibili dira trainerua uretaratzeko. Horregatik, datorren urteari begira Hondarribiko neska gazteei arraunera animatzeko deia egin zien sestaoarrak.
Gonzalo Carrionek, gizonezko B ontziaren entrenatzaileak, uda honetan Camargo eta Castreña ontziekin lehia polita izango dutela adierazi zuen eta Deustoarrak harrapatzen ere saiatuko direla. Iragan asteburuan hasi zuten liga eta horietan 10. eta 12. egin zuten. Denboraldia ondo hasi ez izan arren, liga luzea dela ziurtatu zuen eta asteburu honetako arantza kentzeko astia izango dutela uste du hondarribiarrak.
Azkenik, Igor Enparan alkateak traineru guztiei denboraldirako zorte ona opatu zien, eta gazte mailako arraunlariak zoriondu zituen, iragan asteburuan Sevillan jokatu zuten Espainiako txapelketan izandako emaitza bikainengatik.
Hiru zilarrezko eta brontzezko beste hiru domina eskuratu zituzten elkarteko gaztetxoenek: nesken kadete laukoan, mutilen kadete laukoan (lemazain gabe), mutilen zortzikoan (lemazainarekin), mutilen gazte mailako laukoan (lemazain gabe), nesken gazte mailako laukoan (lemazain gabe) eta mutilen gazte mailako zortzikoan (lemazainarekin).
Aurkezpenaren ondoren, Meakako Adixkideak Dantza Taldeak saioa eskaini zuen eta segidan, alkateak, udal zinegotziekin eta Hondarribia Arraun Elkarteko patroiekin sua piztu zuten.