Hasi dira sanmartzialak
Ana Perez konpainiako kide ohia gogoan jo zuten pregoia Ezezagunok konpainiakoek. Haiek dira aurtengo protagonistak.

Ezezagunok konpainiak pregoia jo ondoren, hasi dira sanmartzialak. Konpainiako 25 kideak igo ziren udaletxeko areto nagusira eta Cristina Laborda alkateak egin zien harrera. Pregoi aurreko ekitaldia egin zen bertan eta udalbatzako ordezkariak ere hantxe zeuden, iazko pregoia jo zutenekin batera: hiriko adinekoen elkarteak.
Miren Etxeberria konpainiako zuzendarietako batek hartu zuen lehen hitza eta Ana Perez iaz zendu zen haien kidea oroitu zuten lehenik. Oroitzapen eta hitz onen eguna izan zen atzokoa konpainiako kideentzat. “Ana fisikoki gurekin ez dagoen arren, bere argiak argiztatzen digu entsegu guztietan, emanaldi bakoitzean eta txalo bakoitzean”.
Konpainiako kideen familiari zuzendu dira jarraian eta haiei eskerrak eman dizkiete ez soilik haien seme-alabak babesteagatik, Ezezagunok konpainiaren proiektu kolektiboa babesteagatik ere. Etxeberriak ez zituen ezkutuan utzi nahi aktoreak: “Talentua, esfortzua eta pasioa gauza guztien gainetik dagoela erakusten duzue”, esan zuen.
“Inklusioaren aitortzarako” eta “ikusgarritasunerako” eguna izan zen konpainiakoentzat atzokoa. “Ezezagunok taldeak emandako pauso bakoitza esfortzuz, konpromisoarekin eta ilusioz beteta egon dira. Ez da erraza izan honaino iristea baina hemen gaude, indartsuago, elkartuago eta ez hain ezezagunok”.
Irakurketa baino lehen, urtero lez Kemen dantza taldekoek brokel dantza dantzatu zuten San Juan plazan zehar. Ondoren, pregoia jo eta alkateak sua piztu zuen San Juan plazan.