Gerra inperialisten kontra elkartuko dira Moskun
Hilaren 26an elkartasun ekimena egingo dute Moskun, "gerra inperialistei ez, genozidioa bukatu, Israeli boikot! Gora palestinar herria!" aldarri pean. Hitzordua 20:00etan da.

Deialdi bat zabaldu da Irunen eta Palestinari elkartasuna erakusteko ekimen bat egingo dute hilaren 26an (osteguna) Moskuko plazan 20:00etan. Israeli boikota egitea eta gerra inperialisten aurkako jarrera erakustea ere badira elkartzearen helburuak, genozidioa gelditzeko aldarriarekin batera. Ikurrinak eta babesa erakusteko edozer eramateko eskatu dute.
Ameriketako Estatu Batuak eta Israel estatuan “potentzia oldarkorrak” direla gogoratu dute eta azken 12 egunetan Iranen aurka egin dituzten eraso militarretan ikusi dela frogatu dute. Eraso horiek bi estatuen “hegemonia” mantentzeko saiakeratzat jo dituzte, zalantzan baitago egun AEBk dituzten mundu mailako hegemonia. “Dekadentziaren aurrean, yankiek aldebakarreko gerren aldeko hautua egin dute”, ohartarazi dute.
Alde bakarreko gerra, biolentzia hedatzean datzala salatu dute, haien arerioak ahultzeko asmoz. “Galdera da ez ote gaituzten bidean gerra katastrofiko berri batera amilduko. Munduko egoera nahaste borraste itzela da, inondik ere”. azaldu dute.
Israel eta AEB erregimen inperialek “mantra bera” errepikatu dute, Iran arma nuklearrak ekoizteko zorian egotea. Kontrara, baina, asmo “tematia” besterik ez dela uste dute, Israel baitelako ekialde hurbilean armak dituen herrialde bakarra. Bestalde, bonba nuklearra bota duen herrialde bakarra AEB izan dira, herritar zibilen kontra II. Mundu Gerran, Japonian. “Erregimenaren hedabideek kontrakoa esan arren, haiek dira, AEB eta Israel, munduko herriek daukagun mehatxurik handiena, haiek dira, bakearen etsairik handienak”.
Palestinako eta zehazki Gazako genozidioa ez dela “ausaz gertatu” iritzi dute eta estrategia erregional baten parte izateari egotzi diote arrazoia. Estrategia horren parte dira Libanoren kontrako erasoak, Siriako gobernu aldaketa, Yemenen aurkako bonbardaketak eta azken egunetako Iranen kontrako erasoak. “Horiek denek jomuga berdina dute: erresistentzia eremu oro akabatu eta AEBn botere inperiala mantentzea”.
Europako Batasunari begira jarri dira segidan eta haren jarrera “epela” izan dela deitoratu dute. Israelen sarraskien konplizetzat seinalatu dute Europako Batasuna, baita palestinarren kontrako genozidioaren “beharrezko laguntzaile” ere.
Israel estatua eratu zenetik “proiektu koloniala” izan dute esku artean eta Palestina konkistatzea, judutarrentzako soilik izango den lurraldea eraikitzea eta odolustea eragin dituztela salatu dute. “Horrela, Israelgo estatua ez da estatu arrunt bat, egitasmo militar-kolonial eta baztertzailea baino, eta horregatik, sionismoaren desagerpena funtsezkoa da ekialde hurbilak bakea eraiki dezan”, argudiatu dute.
Israelek bi ateren artean hautatzeko hegemonia ezarri du: erresistentzia edo sionismo koloniala. “Palestinarrekin amaitu edo palestinarren existentzia bermatuko duen estatua sortu, Jordain ibaitik Mediterraneo itsasora”.
Egoera politiko eta geopolitiko honen aurrean, euskaldunek “mobilizatzen jarraitu” beharra dutela uste du talde honek, Palestinarekin bat, erresistentzian dauden herrien alde eta sionismoaren aurka.
Gogora ekarri dute Palestinako gizarte zibilak aspaldian egindako eskaria: Israeli boikot egitea eta exijitzea Israelen aurkako santzioak eta desinbertsioak. Alegia, isolamendu politikoa eta ahultze sozioekonomikoaren bidez elkartasuna erakustea.
Israelen ekoitzitako edota Israelgo enpresek babestutako produktuak ez erosteko deia egin dute, ezta KKR diru funtsak babestutako musika jaialdietan parte hartzea. Irunen CAF enpresari exijitu diote ez daitezela proiektu sionistaren parte izan. “Egin diezaiotela uko Jerusalemgo trena eraikitzeari!”, eskatu dute.