Erre dute Zaballako espetxea
Salbuespen politiken bukaera eskatzeko erre zuten espetxea eta jendetza bildu zen Moskun.

Txar guztiak usatzeko usadioari heldu eta Zaballako espetxea erre zen atzo, San Joan bezperan, Moskuko plazan. Irungo euskal presoak “etxean” ez daudela salatzeko ekitaldia da honakoa eta aurten ere jendetza bildu zen suaren bueltan. Kemen dantza taldeko dantzari eta txistulariek ez zuten hutsik egin ekitaldi politiko honetan.
Antolatzaileek gogoratu zuten egun hauek alaiak badira ere, nahieran gozatzekoak badira ere, “momentu tristeak” ere biziko dituztela, jai egun hauetan bereziki ondoan falta direnak presente izango baitituzte. “Bereziki, espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak dira”, nabarmendu zuten.
Egun, 110 euskal preso politiko baino gehiago daude espetxeetan eta hemeretzi dira iheslariak edota deportatu egin dituztenak. Egoera politiko honen aurrean salatu dute “salbuespen legeek indarrean” dirautela eta San Joan gauean ere gogoan izan nahi dituzte salbuespen politika horiek pairatzen dituztenak eta aipamen berezia egin diote preso irundarrei eta haien senideei: Iratxe Sorzabal Diaz, Fermin Vila Mitxelena Fermo eta Aitor Olaizola Baseta.
Salbuespen legeekin “behin betiko” bukatzeko eskatu dute eta San Joan gaueko suak berarekin eramatea “espetxe mendeku goseak” eta eskatu dute ere “askatasun haizea” zabal dezala. “Behin betiko bakea eta konponbidea. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera! Iratxe, Fermo eta Aitor Moskura!”.