Festa "parekide, inklusibo eta diskriminaziorik gabeak" nahi ditu Txingudiko Elkarte Feministak
Udalari Alardea antola dezala eskatu diote, "berdintasunezkoa eta herritar guztiei irekia" izango dena.

San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki hastear direnean, Txingudiko Elkarte Feministak festen gaineko iritzia plazaratu du. Herritar guztiei festa zoriontsuak opa izateaz gainera, datozen egunak “parekide, inklusibo eta diskriminaziorik gabeak” nahi ditu elkarteak, eta zeregin horretan duten konpromisoa berretsi du.
“Pertsona guztiek berdintasunean parte hartzeko aukera ematen duen Alardea aldarrikatzen dugu, salbuespenik gabe eta betorik gabe generoa edozein dela ere. Babesa ematen diegu berdintasunezko alardearen alde borrokatu direnei eta borrokatzen jarraitzen dutenei, eta errespetuaren nahiz justiziaren alde direnei. Salatzen ditugu askatasunaren balio demokratikoen aurka doazen bazterkeria, jazarpen edo indarkeria mota guztiak”, adierazi du.
Elkartekideen ustez, tradizioek “eboluzioa” izan behar dute “bizirik jarraitzeko eta gizarte osoa ordezkatzeko”. Hori dela eta, Irungo Udalari eskatu diote “erantzukizun instituzionala” har dezala eta udal Alardea antola dezala, “berdintasunezkoa eta herritar guztiei irekia”.